Maria  del Rio
Maria del Rio

Plaza berdeak

Orain dela gutxi, Bilboko alkate ohi bati irratian entzun nion justifikatzen hiriko zona askotan nabaritzen den zuhaitz gabezia eta nonahi aurkitzen diren plaza gogorrak. “Plaza gogorrak” zer diren irudikatzea erraza da; granitoz edo hormigoiz eraikitakoak dira normalean, oso landare gutxi edo batere ez duten horietakoak, eta oso zaila izaten da esertzeko banku bat aurkitzea. Nahiz eta beti izan diren leku irekiagoak, ekitaldiak, ikuskizunak edo merkatuak hartzeko aukera eskaintzen dutenak, gure inguruko betiko parke eta plazetan pentsatzen badugu, konturatuko gara orokorrean atsedenerako eta topaketarako pentsatuta daudela eta, beraz, iturriak, bankuak, lorategiak, zuhaitzak eta zuhaixkak badituztela. Beste ezberdintasun nabarmen bat da azken hauek asko erabiltzen diren espazioak direla; haurrak, nerabeak eta adinekoak ikusi ahal ditugu inguruneaz gozatzen.

Gero eta plaza gogor eta babesgabe gehiago izatearen koartada nagusia lurrazpiko azpiegiturak izaten dira, hala nola aparkaleku publikoak. Baina aitzakien zerrenda ez da horretara mugatzen; tartean daude diseinu arkitektonikoa errespetatzeko beharra, mantentze-lana erraza eta merkea izatea, baita gutxiago onartzen diren defentsa-arkitekturako estrategiak ere. Egia da lurrazpiko aparkalekuen gainean dauden plazak berdetzeko zailtasunak handiagoak direla, baina egon daitezkeen oztopo horiek guztiak (egiturazkoak, iragazgaiztea eta drainatzea bermatzekoak, landaredia egokia hautatzekoa…) ez dira inondik inora gaindiezinak, eta ez dira, are gutxiago, erantzukizun publikoa mugatzeko aitzakia nahikoa.

Hiriek funtsezko zeregina dute pairatzen ari garen krisi ekosozialak ezartzen dizkigun erronkei aurre egiteko; alde batetik, emisioak sortzeko duten ahaleragatik eta, bestetik, klima-inpaktuetara egokitzeko duten ahalmenagatik. Hiri jasangarriagoak eta erresilienteagoak sortzea lehentasuna izan behar da, eta horretan arkitekturak eta urbanismoak ere zeresan handia dute; gure garaiko beharrei erantzuteko beharra zalantzaezina da.

Buscar