Maria  del Rio
Maria del Rio

Sakoneko erreformen beharra

Etxebizitza eskuratzeko zailtasuna lehen mailako gizarte kezka da, eta pertsona askoren bizitza erabat baldintzatzen du. Alokairuen prezioen igoera soldatena baino askoz handiagoa izatea eta babes ofizialeko alokairuzko pisuen eskaeren etengabeko hazkundea horren adierazle argiak dira. Herri ekimenari esker, etxebizitza politika aldatzeko premia egun ukaezina da.

Anitzak dira hartu beharreko neurriak, besteak beste, etxebizitza hutsak merkaturatzen laguntzea, alokairuaren prezioa mugatzea, etxebizitza publikoen parkea handitzea eta, jakina, etxebizitza turistikoak kontrolatzea eta mugatzea. Izan ere, azken hauek eragin argia dute alokairuaren eskaintzaren murrizketan, baita alokairuen prezioaren igoeran ere. Epe laburrean, kasu anekdotikoak izatetik, gure paisaian ohikoak izatera pasatu dira. Adibidez, Bilbon azken sei urteetan, etxebizitza eta gela turistikoek %757 gora egin dute; are gehiago, soilik azken bi urtetan, ia bikoiztu egin dira, 2024an 5.201 plazara helduz. Eta hori, gainera, legea betetzen ez dutenak kontuan hartu barik.
 
Agerikoa den arazoa ukatzen egon ondoren, orain neurriak hartzeko beharra onartu da, eta arauketa zorrotzagoa eta mugatuagoa beharrezkotzat hartzen hasi dira. Nolanahi ere, oraindik ezinbestekoa da eztabaida serio eta lasaia, neurri erabakigarriak eta ausartak hartzera eramango gaituena. Adibidez, etxebizitza turistikoei dagokienez, ez da nahikoa eremu saturatuetan soilik mugak ezartzea, olio orbanaren fenomenoa gerta baitaiteke. Hau da, establezimendu horiek gainerako auzoetan hedatzen hastea, batez ere inguruko eremuetan. Era berean, neurriak hartzeko orduan, turismo-ostatuak osotasunean kontuan hartu behar dira, horiek anitzak baitira: hotelak, ostatuak, aterpetxeak, etxebizitzak eta gela turistikoak... Ez da eraginkorra pisu turistikoei buruz era isolatuan hausnartzea, beharrezkoa da ostatu turistiko guztiei heltzea.

Etxebizitzaren arazoari erantzuna emateko unea da, ez da erreforma txiki eta doiketetarako garaia, sakoneko erreformak aurrera eramatekoa baizik.

Buscar