Maria  del Rio
Maria del Rio

Trans Legea

Baina, nork du gure nortasuna eta besteekin nola harramanduko garen definitzeko gaitasuna?

Bi trans lege ekimen daude abian: batetik, Eusko Legebiltzarrean indarrean dagoen legearen aldaketa, eta, bestetik, Espainiako Diputatuen Kongresuan lantzen ari direna,  LGTBI eta trans pertsonentzat eskubideak aitortzen dituena. Bigarren horren tramitazioa polemikoa izaten ari da, funtsean, genero autodeterminazioaren kontzeptua txertatzeagatik, eta, bereziki, adingabeekin aplikatzeari dagokionez. Trans eta LGTBI kolektiboen aldarrikapen historikoa izan da hori; sexua eta erregistro izena erabakitzeko aukera ematen du, egungo diagnostiko mediko edo psikologikoaren baldintzarik eta bi urteko hormona tratamendua jaso izanaren baldintzarik gabe; hau da, ez du eskatzen hirugarren baten ebaluaziorik. Betekizun patologizatzaileak eta estigmatizatzaileak dira, eta argi esan daiteke ez datozela bat egungo testuinguruarekin. 2018an OMEk transexualitatea kendu zuen buruko eta portaeraren nahasmenduen inguruko kapitulutik, eta 2015ean Europako Kontseiluak izena eta sexua aldatzeko autodeterminazioan oinarritutako prozedurak garatzeko eskatu zien kideei.

Era berean, ez dezakegu esan erabakia aitzindaria denik, lortu nahi dena bat baitator Europako beste herrialde batzuetan (Danimarka, Irlanda, Belgika eta Portugal) egindako aldaketekin. Autodeterminazioa ere kontuan hartu dute autonomia erkidego gehienek, beren eskumen arlora mugatuta, noski; eta, beraz, NANaren edo pasaportearen aldaketarekin eremu garrantzitsu batzuk kanpo utziz.

Eztabaidak oihartzun handia izan du eta ez da eraikitzailea izan, trans pertsonen kriminalizaziora ere jo baita. Debatea gezurrez josita egon da, eta sare sozialetan sortutako zalapartaz harago, kezkagarriena da samina eragin diela egoera zaurgarrian dauden pertsona askori. Finean, hain konplexua den, eta hainbeste inplikazio dituen, eztabaidaren ñabardurei heltzeko aukera eragotzi da. Baina, nork du gure nortasuna eta besteekin nola harramanduko garen definitzeko gaitasuna?

Buscar