Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak herritar guztiak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman sartzeko atea dira. Horrek esan nahi du funtsezkoak direla gure eskubideak baliatu ahal izateko, bereziki, pertsona zaurgarrienen kasuan; baita eskubide horiek irisgarriak eta unibertsalak izan daitezen sustatzeko ere. Gainera, sortzen ari diren premia sozial berriak eta gertatzen ari diren gizarte aldaketak antzemateko gaitasun handia dute. Izan ere, egun haiek aurre egin beharreko errealitatea gero eta konplexuagoa da. Aldaketa demografikoak, adibidez, gizartea gero eta zaharkituagoa baita; edo pairatzen ari garen etxebizitza eskuratzeko krisi larria, eta horren ondorioak; erroldatzeko zailtasunak; edo lan prekarizazioa. Gure bizitzako uneren batean edo bestean denok zainduak izan behar dugula esateak gero eta errealagoa dirudi, eta horretan, duda barik, udal gizarte zerbitzuek zeresan handia dute.
Gure herriak, askotan esaten dugun moduan, zaintzaileak izatea nahi baldin badugu, gizarte zerbitzuak erdigunean jarri behar ditugu, ez dago besterik. Hala ere, jakin badakigu ez dutela beti beharrezko protagonismoa, ezta behar adinako aurrekontu babesa ere. Gainera, arazo askori aurre egin behar diete. Gobernantza eredutik hasita, gizarte langileen esperientzia ez baita kontuan hartzen zerbitzua antolatzeko orduan; arlo instituzionalean, beste erakunde batzuekiko koordinazio falta; zerbitzuen saturazioa; errealitate sozial berrietara egokitzeko gaitasun falta; gehiegizko lan karga; eta burokrazia gehiegi, lan prebentiboa eta zaintza integrala eskaintzea oztopatzen dituena.
Horren aurrean, gero eta gehiago dira aldaketa baten beharra aldarrikatzen duten ahotsak. Horien artean, arloko langileak, egunero-egunero bizi dutena oso kezkagarria delako. Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako langileak ozenki esaten ari dira, eta mobilizatzen ari dira, zerbitzu publikoak benetan zaintzeko eta horiek birpentsatzeko ardura har dezagun. Zaintzen duen Bilbo nahi eta behar dugu; bada garaia zaintza lanak erdigunean jartzeko, eta gure eskubideak baliatzeko oztopoak kentzeko.
