Maria  del Rio
Maria del Rio

Ukraina eta diesela

Halabeharrez, kultura energetikoan aldaketak ezarriko dira: dieselak, garraio sistema erraldoia elikatuz, globalizazioa posible egin zuen, eta dieselaren gabeziak birlokalizazioa ekarriko du.

Ukrainako gerrak lehenengo orrialdeak hartzen dituela, egunez egun ikusten dugu nola larriagotzen ari den krisi humanitarioa. Gainera, haren ondorio ekonomiko kezkagarriak bertatik bertara sentitzen hasi gara. Garestiagoa da autoaren depositua betetzea eta argiaren prezioa izugarri igo da, maximo historikoetara iritsiz; finean, gauza guztien prezioak gainezka egiten ari dira. Adierazgarria izan da ekilore-olioarekin gertatutakoa. Irudi are esanguratsuagoa izan da AEBen eta Venezuelaren arteko negoziazioa petrolioaren inguruan, pentsaezina baitzirudien  duela gutxira arte.

Fokua produktu energetikoetan jartzen ari da. Berriki iragarri da gasolinaren, argiaren eta gasaren prezioa jaitsiko dela. Zehaztasun gehiago eman ez badira ere, zergak jaistearekin bideratuko dela dirudi, horrek dakarren eraginarekin. Hala ere, ez da horrenbeste hitz egiten ari dieselaren eskasiaz, nahiz eta garraiorako eta makineriarako ezinbestekoa eta lehengai askoren ekoizpenerako beharrezkoa den. Horren harira, ezin ahaztu garraiolariak egiten ari diren lanuztea eta horren albo-ondorioak, esaterako, arrantzan. Dudarik gabe, egoera hau gerrari lotua dago, abian zegoen prozesua bultzatu du-eta, baina ez gara arazo koiuntural bati buruz ari; egiturazkoa da guztiz, eta horrela jorratu beharko genuke. Diesela sortzeko kalitate handiko petrolioa funtsezkoa da eta hori gainbeheran dago 2005etik, ez gerra hasi zenetik.

Aurrean duguna krisi ekonomiko larria da, besteak beste, krisi energetikoak bultzatua. Krisi horrek ondorio globalak ditu eta, aurrekoetan gertatu den moduan, kudeatzeko moduaren arabera herritarren arteko desberdintasunak areagotu ditzake, kalteberena zaurgarri bihurtuz. Halabeharrez, kultura energetikoan aldaketak ezarriko dira: dieselak, garraio sistema erraldoia elikatuz, globalizazioa posible egin zuen, eta dieselaren gabeziak birlokalizazioa ekarriko du. Aldaketak halabeharrezkoak badira, hobe dugu gure sistema sozioekonomikoa birplanteatzea eta planeta eta ingurunea aintzat hartzea, kapitalismoaren munstro aseezinak gu irenstea nahi ez badugu.

Buscar