Oraindik ere Oscar sarietan izandako gertakari ospetsuaz hitz egiten jarraitzen dugu, baina ez dute oihartzun bera izan sarirako izendatuak izan ziren zenbait filmek. Nabarmentzea merezi du "Khabar Lahariya" hedabidearen istorioa kontatzen duen "Writing with fire" izeneko dokumentalak. Emakumeek bakarrik idatzitako Indiako lehen egunkariaren historia hunkigarria azaltzen du. Hasierako eszeptizismoa gorabehera, proiektuak hogei urte bete ditu. Hazten joan da eta, 2015etik, eragin handia du espazio digitalean ere. Azpimarratzekoa da dalit emakume talde batek sortu zuela India iparraldeko Uttar Pradesh estatuan. Bertan, emakumeen eta dalit-en aurkako indarkeria-maila endemikoak dira. Talde horiek ukiezintzat jotzen dira, eta hinduak banatzen dituen kasta sistematik baztertuak dira. Hala ere, urte hauetan, kasta- eta genero-hesi handiak hausten joan dira, ez zailtasunik gabe.
Emakumeak dira prozesu osoaz arduratzen direnak; idaztetik banatzeraino. Kazetari hauek baztertutako komunitateetatik datoz, baliabide gutxirekin eta hezkuntzarako sarbide zailarekin. Hala ere, garbi dute kazetaritza egiteko ikuspegi kritikoa eta feminista aldarrikatzen dutela, baita tokiko hizkuntzetan informatzeko garrantzia ere. Euren helburua komunitatearen ahotsa izatea da, tokiko albisteei ikusgarritasuna emanez.
Joan den astean, proiektu horretako ordezkariak Bilbon izan ziren adierazpen-askatasunari buruzko Giza Eskubideen Nazioarteko 2. Batzarrean, eta zirraragarria izan zen esperientzia bertatik bertara ezagutu ahal izatea. Jakin badakigu adierazpen-askatasunak, estatu demokratikoaren giltzarria izanik, une gatazkatsuak bizi dituela gaur egun, eta badirudi eztabaida publiko eta librerako tokia txikitzen ari dela. Azpimarragarria da, oztopoen gainetik, «gizartearentzako ispilu bati eusten» jarraitzeko indarra. Ezin dugu ahaztu, adierazpen-askatasunak ez duela babesten soilik adierazpena egiten duena, gizarte osoa babesten du, pentsamendu, iritzi eta informazio horiek bilatu eta jasotzeko eskubidea ematen digun heinean.
«Writing with fire»
Emakumeak dira prozesu osoaz arduratzen direnak; idaztetik banatzeraino. Kazetari hauek baztertutako komunitateetatik datoz, baliabide gutxirekin eta hezkuntzarako sarbide zailarekin.
