Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Aritmetika

Aritmetikak dio poztu egin behar garela entzuten dugunean Israelgo gobernuak esaten duela Iranek jaurtiki dizkion drone, misil eta abarren «%99» erauzi dituela. Ziur baino ziurrago egon gaitezkeenez ez zaigula jakinaraziko non erori den gainerako %1 hori (eta Al Jazeera bezalako endredatzaileek ezingo digutenez argibide gehiagorik eman), bego zifra bere horretan. Litekeena da. Edo ez.

Poztasunaren zergatia litzateke, zenbateko hori mahai gainean jarrita, Netanyahuren gobernuari are zailagoa zaiola erasoen enbido-jokoan aurrera egitea. Ohi bezalatsu, Libano edo Siria bonbardatu eta hedabideetan kukurruku handia egitea baino urrutiago joatea, alegia. Bere gobernukide oldarkorrenek hori eskatuko badiote ere. Baina arazo aritmetikoak –esango ez zaizkigunak, alafede; baina izan badirenak, eta serioak– leudeke horretarako.

Ez baitago argi Iranek jaurtiki dizkion zenbat gailu heldu diren Israeleraino; baina 300 inguruko zifrak aditzen dira. Aurrekariek diotenez eta argitaratu diren irudi bakanetan ikusten ahal denez, hainbat –hiru, lau– antimisil erabili ditu Israelek gailu erasotzaile bakoitza eraisteko.

Bi arazo eratortzen dira hortik, ezinbestez: alde bakoitzak bere armategian lukeen stockaren arazoa, lehenik; eta gastuarena, bigarrenik. Lehena, noski, sekretu gorenetakoa dute alde biek. Baina bigarrena argixeago legoke: Israelek berezkoa duen Arrow misil bakoitzak hiruzpalau milioi dolar balio zuen duela urte dezente, eta ez dut uste merkatu direnik; Patriot sistemak darabiltzaten MIN-104ek doble inguru balioko dute. Iranek darabiltzan misilak eta gainerakoak hamar bat aldiz merkeagoak direla kalkulatu behar omen litzateke.

Kopuru horiek, noski, sorpresa-faktorerik gabe ere saturazio-taktika erabili ahalko lukeen Irani dezenteko abantaila emango liokete bigarren edo hirugarren erasoaldi baterako. Eta, aspaldian ez bezala, Estatu Batuen mende geratuko litzateke Netanyahu, AEBko hauteskunde-urte batean.

Horraino aritmetika.

Buscar