Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Alberta: autodeterminazioaren koskak

Hitz parrastada eta mehatxu artean Trumpek aspalditxotik Kanadaren inguruan darabilen delibero anexionistak badu jada konkrezioa: Alberta. Eta Carneyk arrapostu egin dionean espero duela Estatu Batuek kanadar subiranotasuna errespetatzea, bazekien zertaz ari zen: hango erreferendumaz. Litekeena baita Albertan autodeterminazio erreferenduma egitea aurten bertan. «Ze ondo!», pentsa genezake aspalditik jarduketa demokratiko horren aldezle kartsuak izan garenok. Itxaron pittin bat. Autodeterminazioa egikaritzea ez dela piknik bat jakingo dugu, ezta?

Bestela, errepaso azkar bat egin dezakegu, urrutira joan gabe, Europan bertan, duela hiru dozena urte hasita, hamarkada batez ikusi genuenaren harira. Gazteagoak direnek ere, dokumentazio joria aurki dezakete ordukoaz. Sintesia aski duenak, har dezake Bosniako kasua eredutzat. Egun Donbassen dugunean ez katramilatzeko.

Bada, orduko osagai bertsuak (eta bestelako batzuk) txirikordatzen dira Albertakoan. Teorian, duela 120 urtetik Kanadako probintzia den eta Iberiar penintsula osoak baino hedadura dezente handiagoa duen hartan bizi diren lau milioi pertsonek beren etorkizun politikoa erreferendumean erabakitzea besterik ez da. Galdera ere mahai gainean legoke, gutxi-asko: «Ados al zaude Alberta probintzia herrialde subirano bihurtzearekin eta Kanadako probintzia izateari uztearekin?». Urtarrilaren 3tik maiatzaren 2ra bitarteko epea dute Alberta Prosperity Project-aren sustatzaileek erreferenduma eginbidean jar dadin. Baina... Alberta Forever Canada aurkako ekimenak ere, aurretiaz, baditu hartarako behar diren sinadurak. Eta legelariek Quebeci buruzko epaiaren aurrekaria berraztertzen duten bitartean, Trump sartu da tartean bere tresna bakarra, astamakila, dantzatuz. Independentziaren alde. Petrolioaren mirariak dira.

Ondasun naturalak pizgarri nagusia diren ika-mika horretan, haatik, badute zeresana bertako Lehen Nazioek ere. Eta ez dute begi onez ikusten egosten ari dena. Ez zaie arrazoirik falta.

Buscar