Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Bilaukeriaren lehian hainbat koska gorago

Faisal Shuaib izeneko goi arduradun batek oso haserre hitz egiten zuela... Baina hortik aurrera, zilegi ziren hausnar bide guztiak. Arrazialistenak ere, bai noski

Gabon atariko egun-orduak ez dira aproposenak izaten irakurketa sakonak egiteko. Horregatik, lerroburu soiletik aurrerago joan ez zena, lehen begi kolpean neu geratu nintzen modutsuan geratuko zen. Txundituta. Izan ere, zirraragarria ere bazen izenburua batzuetan: «Nigeriak milioi bat txerto baino gehiago suntsitu ditu». Beste batzuek, ordea, doitu egiten zuten titularra, «iraungitako txertoak» zirela argituz.

Nigeria bezala, txertoen premia (oso) larrian egon behar lukeen herrialde bati nola iraungi ote zitzaizkion horrenbeste txerto ulertu nahian albistearen letra xehea irakutzeko beta hartzen zuenak ere, haatik, ezin zuen argibide handirik lortu. Hondeamakina txerto kaxak lurperatzen ari zeneko argazkiak bai, baina zergatien berririk, apenas. Txertoak AstraZenecarenak zirela, omikron aldaera ziztu bizian ari zela hedatzen herrialdean; eta Faisal Shuaib izeneko goi arduradun batek oso haserre hitz egiten zuela... Baina hortik aurrera, zilegi ziren hausnar bide guztiak. Arrazialistenak ere, bai noski.

Beste zokoren batean Diogenesen kriseilua aurkitutakoan argitzen zen benetako eskandalua: iraungitzeko egun bakan batzuk besterik geratzen ez zitzaizkien txertoak jaso zituen AstraZenecaren eskutik Nigeriak, «dohaintzan»; banatu eta behar bezala jartzea ezinezkoa zitzaiola bistakoa zenez, nahiago izan zuen haiek suntsitu eta lurperatzea, iraungita merkatu beltzean kalte larriagoak egin zitzaten ekiditeko. Eta, bidenabar, salatu egiten zuen bilaukeria. Iraungitzear ziren arte, ekoizlearen almazenetan egonak baitziren txerto haiek. Bezero aberatsagoen zain, jakina. Biharko egunean, agian , stocken kudeaketarako estrategia bezala irakatsiko du negozio eskolaren batek...

Izan ere, Nigeriako bilaukeria ez zen lehen aldiz gertatzen: Kongok itzuli egin zituen apirilean beste horrenbeste txerto, iraungita zetozelako; maiatzean, Malawik ere suntsitu egin behar izan zituen milaka…

Gizalegezkoagoak izango omen ginen pandemia honen ondoren. Bejondeigula.

Buscar