Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Buruargitasun bitxia

Talentua hitzetik hortzera goresten (eta, esaten dutenez, eskuzabal ordaintzen) den garaiotan, sasoi bitxia bizi du buruargitasunak res publica-n. Gertu-gertu ere baditugun arren, munduko lehen potentziaren gorenean daukagu adibide bikainena.

Zazpi urte eta zazpi hilabete dira munduko bururik argienak (Trump was right about everything) ebatzi zuela: «Merkataritza gerrak onak dira, eta aise irabazten dira».

Bada, orduan hasi zuen gerra irabazteko asmoz jarraitzen du, Txinari egundoko muga zergak ezarriko dizkiola enegarren aldiz mehatxu egiten dionean.

«Gauza oso bitxiak gertatzen ari dira Txinan! Oso etsaituta jartzen ari dira», arrazoitu zuen Trumpek bere sare sozialean ostiralean. Baina batere bitxia ez dena gertatu zen jarraian: diru merkatuek beherakada galanta jo zutela. Eta gero gerokoak.

Agidanez, Etxe Zuriko buruargiari ulergaitza egiten zaio alde bien artean lauso adostua dutenaren saihetsetik Txinari presio gehiago sartzeko berak kolkotik ateratzen dituen neurrien (hango garraio ontziak zergapetu, Errusiari erregaiak erosteagatik zigorrak ezarri, erdieroaleak lortzea eragotzi) kontrakarrean, aurkariak beste horrenbeste egitea: ia berak bakarrik eman ditzakeen lehengaiak estu lotu, soja merkeen daukan lekutik erosi, arerioaren neurri bertsuak alderantziz aplikatu...

Batere buruargiak ez garenok ere ulertzeko modukoa dirudi: kartak dauzkanak haiekin jokoan egiten du.
Aise irabazi behar zuen gerra luzatu ez ezik gaizkoatu egin zaiolako, Xirekin solastatzeko grina guztia ere galdu izango du Trump buruargiak. Imajina dezakegu buruzagi txinatarra loa galduta dabilela horrexegatik. Eta datorren astean Komite Zentralaren aurrean XIV. bosturtekoaren balantze orokorra egin eta hurrengoa aurkeztu behar duenean, muzin, negarrez agertuko dela.

Hain zuzen, gure buruargiei ez zaie otu bi gorabeherak (merkataritza gerra eta Txinako Alderdiaren balizko analisiak) uztarri berean lotzea. Burugogorroi soilik bururatzen zaigun zerbait izango da.

Buscar