Ekaitz-hodeiak ekialdetik
Putinek joan den astean Kuril uharteetara egin duen bisitaldiak aspaldian, hamarkadatan, ez bezala tenkatu ditu Japoniaren eta Errusiaren arteko harremanak. Ustekabe inozoak baztergarriak direnez alde batetik zein bestetik, ondorioztatu beharko dugu tentsio horixe zela lortu nahi zena. Argigarria izan daiteke arestian sutu den ika-mikaren konparazioa egitea 2010ean Medvedevek egin zuen bisitaldi bertsuarekin.
Zer ari da gertatzen Eurasiako ekialdeko muturrean? Ekaitza eratzen ari dela. Aspalditik hango gorabeherak erabakitzen dituzten hiru potentzien artean: Japonia, Errusia eta Txina. Tartean geratzen den Korea joko-pilota dela, orain ere.
Baina Asiako ipar-ekialdean eratzen ari den ekaitz hori ez dator Shimonosheki, Tsushima, Manchukuo bezalako leku izen ahantziek iradoki dezaketen lurralde eta indar korrelazio berberean. Ezta Errusiak, batik bat, oraingo krisiaren harira gogorarazi duen Bigarren Mundu Gerraren amaierako statu quo-a dela eta. 1945ean eratu zen “bakea” erauztetik dator, hain zuzen, XXI. mendeko bigarren laurdeneko ekaitza.
Erauzketa hori ezbairik gabekoa da Takaichi administrazioa agintean denetik. Estatu Batuek, eta ez beste ezeinek, ezarritako debekuak iraungi dira, eta etorkizuneko Japonia ulertu nahi duenak, iraganekoa, duela ehun urtekoa, gogoratu beharko du. Orduko mapekin. Duela 125 urteko Errusia, edo 1935eko SESB, gogoan ez ezik, gogoko duela ere erakutsi du jada Putinek. Kasu hirugarrenari ere!
Aitzakia besterik ez da lurraldetasuna Kuril uharteetan. Askoz kontzeptu difusoagoa –baina erabakigarriagoa– da oraingo ekaitza umotzen ari dena: estrategikotasuna. Okhotskeko itsasoa hesitzen duen uharte ilara horrek Ozeano Barearen iparralde osoa eta, Aleutiar uhartediarekin giltzatuta, Bering itsasarterako bidea jagoten duelako.
Badakite hori Moskun eta Tokion. Baita Beijingen ere. Garai batean lurraldeak eta lehengaiak baziren, orain bideak eta atakak dira. Aurkariak dira ordukoak berberak.
