Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Enigmak

Enigma ez zen hondamendi horren zergatia: argi dago Taiwanek oraintsu arte gorde duen Zero Covid estrategia utzi izanaren ondorio zuzena dela. Bai, ordea, haren inguruko isiltasuna

Oker dago G7koen goi-bilerek ezertarako ez dutela balio uste duena. Niri behintzat azken aste hauetan buruan nerabilen enigma bikoitza argitu dit Schloss Elmau-ko hitzorduak. Ez da gutxi.

Kontua da martxoaren erdialdean Txina ekialdeko omikron-agerraldi gogorrak hasi zirenetik, Mendebaldeko hedabide nagusietan hari buruz adierazten zena («Zero Covid estrategiak ez du balio, porrota da», funtsean) sinesgarria iruditzen zitzaidala... xehetasunetan sartzen ez nintzen bitartean.

Xehetasunetan sartu ahala, aburuak berak egiten zuen porrot: ez da egia Shanghai eta abarretako itxialdiek ezingo ziotela aurre egin aldaera kutsakor horri; ez da egia neurrien gogortasunak matxinada bat sutuko zuela; ez da egia ekonomia behin betiko kaltetuta geratuko zela... Enigmatikoa egiten zitzaidan, haatik, Txinaren etsai aitortuek horrenbesteko seta edukitzea, hark «hutsegite» hori egin ez zezan.

Enigmaren ifrentzua aurrez aurre, Taiwanen, zetzan. Apirilaren erditik hona, sekulako covid-agerraldia pairatzen ari dira taiwandarrak: 5.400 pertsona hil ditu birusak irlan azken bi hilabete hauetan, aurreko 28 hilabeteetan metatutako 856ak halako zazpi; eta Txina kontinental osoak pandemia-aldian nozituak baino gehiago. Egunero ehun eta piko gehitzen dira. Populazio osoaren seiren batek eman du positibo bitarte horretan.

Enigma ez zen hondamendi horren zergatia: argi dago Taiwanek oraintsu arte gorde duen Zero Covid estrategia utzi izanaren ondorio zuzena dela. Bai, ordea, haren inguruko isiltasuna: ez da fitsik ere entzuten. Eta merezi du, alajaina: txertatze-maila jasoenetakoa duen herrialde batean gertatzen ari da hori. «Mendebaldeko» txertoekin txertatuta dagoena. Atera (ditzagun) kontuak.

Bada, G7koen goi-bileraren harira, serio itxurako analisi batek argitu dizkit enigma bat zein bestea: Bavariako G7aren egiteko nagusia omen da Txinari gogor egitea «entzungor egiten ari delako mundu mailako hornidura-kateak eteten ari den Zero Covid estrategiari nazioartean egiten zaizkion kritikei».

Hara bada!

Buscar