Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Geure begiak eta narratzaile orojakitunak

Behin ere zorrotza izan ez den neure ikusmenaz gero eta gutxiago fidatzen bainaiz... Eta ofizioz dakidalako gauza bat dela argazkia eta oso bestelako zerbait haren oina.

Batek baino gehiagok gogorarazi dute egun hauetan, Ukrainako krisiaren harira, Chico Marx pentsalari handiaren aburua: «Nori sinetsiko diozu ba, niri ala zeure begiei?». Gogoan izan gabe ez dela horren zalantzagabea galderaren erantzuna. Izan ere, «Smitty» Stevens-ek psikofisikaren alorrean egindako ikerkuntzetan murgildu gabe ere, gogora liteke nola Orwellen "1984" liburuan jada Anaia Nagusiak lortzen zuen edonor konbentzitzea gerra bakea zela, askatasuna morrontza zela eta beltza zuria zela.

Hartaz oroitu naiz, hamaika aldiz, pasa diren egun/aste hauetan, «inteligentzia-iturri» bakarra mapa-aplikazio arruntena nuela, ahalegindu naizenean tantaka argitaratzen ziren eta «errusiar indar metaketa Ukrainako mugan» frogatzen omen zuten satelite-argazkietatik ondorio fidagarri samarren bat ateratzen. Behin ere zorrotza izan ez den neure ikusmenaz gero eta gutxiago fidatzen bainaiz... Eta ofizioz dakidalako gauza bat dela argazkia eta oso bestelako zerbait haren oina. Eta horrela aritu naiz kalkulu xelebreak egiten –demagun: zenbat erregai litro behar ditu T-80 batek Pogonovotik Ukrainako mugaraino heltzeko? Erantzuna: 1.500 litro inguru–. Edo erantzunik gabeko itaunak neure buruari egiten: zergatik Poloniarekiko mugatik sei kilometrora dagoen kanoi autopropultsatu baten ituak egon behar ote du handik 60 kilometro baino gehiagora dagoen Ukrainarekiko mugaz haraindi, eta ez distantzia berberean Lublin aldera?

Narratzaile orojakitunei diedan estimazio eskasean legoke nire arazoaren korapiloa. Dudan heziera apurraren gaitza da: XIX. mendeko nobelagintzak aspaldi ase ninduen.

Baina, Joe Biden buru dela, narratzaile orojakitunez bete da Ukrainako auzia. Garai bateko kremlinologia ere motz utziz, «putinologia» deitu beharko dugun zerbait loratu da. Errusiako agintari gorenaren planak eta asmoak ez ezik gurari ezkutuenak ere ezagutzen eta kontatzen dizkizute askok, indikatiboan.

Geure begiekin ikus dezakegunaren kontra-kontrakoak direnean ere bai. Hori bai dela inteligentzia...

Buscar