Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Hotzak, epelak eta goriak

Indo-Pazifiko aldeko «aliatu zintzo» guztiekin erronda eztia burutu eta Txinan geldialdirik egin gabe pasatu ondoren, Alaskako izoztegira «deitu» zitzaion gaizto bihurriari

Iazko Urtarrileko Hutsegitearen ondoren, aurtengo Martxoko Hutsegitea. Administrazioa aldatu da Etxe Zurian, baina errealitatearekiko harremanak lehen bezain oker jarraitzen du. Harrokeriaren gaitzak, nonbait, ez du sendabiderik ez txertorik oraingoz han.

Bi gertakarien arteko aldea da iazkoan hiru bat hilabete –koronabirusak Estatu Batuak ere mendean hartzeko behar izan zituenak– igaro zirela hutsegitea antzeman aurretik; aurtengoa, zuzen-zuzenean, gertatu ahala ikusi ahal izan du mundu osoak Alaskatik telebistaz. Aldiz, aurtengo hanka-sartzeak askoz konponbide errazagoa eduki behar luke, nahi izanez gero… Baina batek daki, harrokeria horren solte dabilen lekuan.

Erakustaldi modura planteatu zuen Biden administrazio hasiberriak munduko bi potentzia nagusien arteko bilkura “estrategikoa”. Unea ez ezik, gunea ere hartarako aukeratu zen: Indo-Pazifiko aldeko “aliatu zintzo” guztiekin erronda eztia burutu eta Txinan geldialdirik egin gabe pasatu ondoren, Alaskako izoztegira “deitu” zitzaion gaizto bihurriari. Epelak entzun beharko zituen eta han. Ez zuen ba nahiko Hawaiiko hondartzetara deitzea! Mundu osoaren aurrean, kamerak lekuko…

Eta kartilla irakurtze hori behar bezala antzezteko agian, paperetik begiak ia altxatu ere egin gabe zuzendu zitzaion Blinken Estatu-idazkaria Yang Jiechi politburo-kideari. Edukia, berriz, ohi-ohiko propagandakoa: Xinjiang-Hong Kong-Taiwan-Hegoaldeko Itsasoa.

Erantzunaren mamia, aldez aurretik ere igar zitekeen: duela aste batzuk argitaratu zuen Yangek artikulu luze-luzea, ingelesez ere. Modua geratzen zen ikuskizun; eta ikusmina ase egin zuten txinatarrek. Han zirenek oraindik buruz gogoratuko duten Liburu Gorrian paperezko tigreei buruz esaten zena ere aipatzea falta izan zitzaien; Ekialdeko Haizearekin konformatu ziren.

Biharamunean, japoniar aditu baten iruzkina: hain da fio Txina bere buruaz, ezen bere modura ez bada, akordioak lortu beharrik ere ez duela ikusten. Baina argi dago Etxe Zurian ez direla horretaz jabetu.

Buscar