Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Jiang Jieshiren balorizazio energetikoa

Txinari «presio gogorrena» egiten jarraitzeko, Taiwan Operazioa besterik ez zaie geratzen AEBei, antza. Txinaren «barne zaborrak harrotzeko» estrategiaren zazpiko urrea dela esan liteke.

Heldu da Taiwan Operazioaren txanda. Wuhan Operazioak, oportunistaren oportunistaz, abiatze-arrapalan egin du porrot. Hong Kong Operazioa bururaino eraman da, baina kalkulu interesatu bezain okerretan oinarritzen zenez, galera beste mozkinik gabe geratu da historiarako. Xinjiang Operazioa, serioena eta funtsatuena, bere kudeaketaren toleskerian katigatuta, ez atzera eta ez aurrera dago; betirako, seguruenera, Afganistango anabasaren ondotik batez ere.

Txinari «presio gogorrena» egiten jarraitzeko, Taiwan Operazioa besterik ez zaie geratzen AEBei, antza. Txinaren «barne zaborrak harrotzeko» estrategiaren zazpiko urrea dela esan liteke. Beste gorabehera batzuk, hark auzokideekin dituenak (Himalaia, Korea, Diaoyu/Senkaku, Hegoaldeko Itsasokoak...), beste maila batekoak dira. Bertako hirugarren baten, edo gehiagoren, parte-hartzea ezinbestekoa dutelako. Eta haiek ez daude kanoi-bazka izateko oso prest.

Egungo Txinaren bene-benetako barne-arazoetan –urtebete barru egingo den XX. Kongresu erabakigarriaren prestamenak, hasten ari direnak; zorraren burbuilaren edo energia-iturrien krisiak; demografiaren buruhausteak…– eskua sartzeko ahalmena balute Estatu Batuek, seguruenera ez ginateke Taiwanera begira egongo. Baina dagoena dago.

Eta bistan dago Taiwan Operazioak ere baduela bere amarrua: arrautzak kaskatu gabe egin nahi da tortilla. Sezesio-eskubidea da arrautza, jakina. Eta AEBek ez eta haren mirabeek ez dute iratxo hori Pandoraren kutxatik irteten ikusi nahi. Segituan eratuko litzatekeelako izangaien ilara galanta. Horregatik erabili behar da arrauzki pasteurizatua: demokrazia. Taiwan aipatzen den bakoitzean esan behar den hitza. Taiwanen hauteskundeak egiten omen direlako eta Txinan ez. Jeje.

Horretarako, Pontzio Pilatosekin hasi behar du kredoak, jakina. Egungo Taiwan zerutik erori balitz bezala.

Jiang Jieshi (a.k.a. Chiang Kai-shek) zena historiaren zakarrontzian geratu izana, tira... Baina, horrela, «balorizazio energetikorako» erabiltzea ez ote da askotxo?

Buscar