Modi eta labezomorroak
Argi laburrekin behatuta, esan liteke txanda heldu zaiola Indiari. Bangladesh izan zen lehena, Hasina agintetik bota zuen 2024ko Uztaileko Iraultzarekin. Duela urtebete, Nepalen ikusi genuen antzeko zerbait, Z belaunaldiaren protestek Sharma Oli lehen ministroa eraitsi eta aldi politiko berria abiarazi zutenean. Orain, “labezomorroen” txanda ote da Indian?
Baina kaiku samarra izan behar da CJPko gazteen mobilizazioek Modi agintetik erorarazi dezaketela amesteko. “Labezomorroek” ere badakitela esango nuke. Eta horrexegatik, itu apalagoak hartzen ari direla, lorgarriak: hezkuntza ministroa izan zen mugimendua sutu zuena unibertsitateko sarbidearen ustelkeriaren aurka altxa zirenean; eta lortu zuten hura kargugabetzea. Hauteskunde epaitegiaren burua dute orain jopuntuan; ikusiko dugu erorarazten duten. Modi koska batzuk gorago dago. Eta haren BJP alderdia ez da nolanahiko egitate politikoa.
Zer esanik ez, beraz, auzoko beste herrialde batzuek azken urteetan pairatutako krisi gordinen antzekotasuna ikusi nahi denean Indiako egungo mobilizazioetan. Ez gaude Myanmarren edo Pakistanen, Aung San Suu Kyi eta Imran Khan boteretik eraitsi zituzten estatu kolpeen antzeko ezeren aurrean.
Orduan? Argi luzeak behar dira aurrekaria aurkitu eta hausnar bidera ekartzeko; baina esango nuke Modi bera jakitun dela (ez gutxietsi inoiz haren zorroztasuna, arren!) nora begiratu beharko lukeen. Tiananmen, 1989.
Orduan bezala, ezinegona azaltzen ari den gizarte sektorea ez da paria jendea, gizartearen behealdekoa, baizik eta goitik datorrena eta bihar elitea osa dezakeena. Eta halakoei dagokien borroka mota egiten ari dira “labezomorroak”. Ez zaie arrazoirik falta, gainera, eta Modik berak ere aitortuko dio hori bere buruari, seguruena.
Baina Zhao Ziyang eta Wen Jiabaoren 1989ko dilema bertsuan egon behar du Modik oraintxe bertan. Gogoan izango du, bestalde, zein izan zen Deng Xiaoping edo Li Pengen ikuskera orduan.
Eta nola azkendu zen krisia.
