Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Nazionalizazio bat, zabor-minutuetan

Entzutetsuak, zalapartatsuak izaten ziren nazionalizazioak garai batean. Halakoen aldekoek ateratzen zuten zarata batzuetan, baita etxafuegoekin ere. Arerioek besteetan, adierazpen apokaliptikoekin gehienbat. Eta ez gutxitan, alde biak suertatzen ziren batera. Baina nekez izaten ziren oharkabekoak. Orain alderantziz dela ematen du. Kiroletan garbage time, zabor-minutuak deitu ohi direnetan, Downing Streeteko 10.ean egin duen azken egunean, nazionalizatu du British Steel siderurgia-enpresa Keir Starmerrek. Andy Burnhami etxea zabor gutxiagorekin lagatzeko ala platerkada mingotsa mahai gainean uzteko? Batek daki.

Baina ia inori ez diola arreta eman dirudi. Mundu guztia futbolari begira dagoelako, agian? Mereziko luke bada gogoeta bat bederen, hiruzpalau bider egin baitu nazionalizazioaren eta pribatizazioaren arteko bidea enpresa erraldoi (ohi) horrek. 1949ko Iron and Steel Act nazionalizazio laboristaraino joan beharko genuke lehen aurrekaria kausitzeko. Handik hiru urtera, toryek pribatizatu zuten berriro. 1967an, laboristek berriro nazionalizatu zuten eta gaurdaino, trumilka, gorde duen izena eman zioten: British Steel Corp. 270.000 langile zituen. 1988an, Margaret Thatcherren Gobernuak pribatizatu egin zuen BS plc izenpean, urrezko partaidetza beretzat gordez, eta langileak akziodun bihurtzeko eginahalak eginez. Hamar urte geroago, langileria detxematuta eta gainbeheran, KNHS herbeheretarrarekin elkartu behar izan zuen Corus sortzeko. 2007an, Tata indiarrak hartu zuen Corus eta, beraz, BS. 2020an China Jingye taldeari saldu zion Tatak enpresa osoa.

Nazionalizazioaren aurrean, duela sei urte enpresa erosteko jarri zituen 70 milioi liberak eta geroztik bertan sartu omen dituen 1.200 milioiak barkatzeko asmo izpirik ere ez du azaldu Jingyek. Eta, nola ez, Beijingeko ministerioak babes osoa erakutsi dio jada. Abokatu-bufeteren bat, edo gehiago, ariko da lanean honezkero.

Ozta-ozta 4.000 langile ditu gaur egun British Steelek.

Buscar