Drama iaio guztietan izaten omen da komeria punttu bat. Eta Itsaso Beltzaren iparraldean, lehendik zegoenaz harago goritzen ari den horretan, komediante paper hori antzezteko prest dago Pedro Sanchez eta konpainiaren Espainiako Gobernua, antza.
Gerra-hegazkin espainiarrak hara bidaltzeko erabakiak, Gobernuaren beraren barnean arrakala eta hauteslerian gaitzespen kopetiluna sortzeaz gain, oinarri-oinarrizko galderak baitakartza mahai gainera: zergatik? Zer galdu zaio Espainiari Itsaso Beltzaren inguruan? Zergatik hori orain, Afganistandik, ez loria eta ez mejoria, hanka egin dutenetik urte erdia igaro ez denean? Agian, horrexegatik: mozkorraldiaren ajea edanez konpontzen dela deritzotelako. Izan ere, han gerra sutu edo ez sutu, espainiar Armadak hara joateko inolako motiborik ez interes zehatzik ez edukitzeaz gain, bere «aliatuei» egin diezaiekeen ekarpena... Benetan norbaitek pentsatzen al du ozta-ozta laugarren belaunaldikoak diren «espainiar» hegazkinek zerbaitetan lagungarri izan daitezkeela beste liga bateko partida izango litzatekeen gatazka batean? Edo NATO benetan dena, Ameriketako Estatu Batuen Varsoviako Ituna, satelite sistema, muineraino onartzen duela Espainiako Gobernuak ere sinetsi behar al dugu?
Hori bai, aurrekariak ez zaizkie faltako komeria girotzeko. Jada Baltiko aldean egiten ari dena albo batera utzita, gogoan izango al dute nola duela ia 170 urte, Krimeako Gerra ospetsuaren hastapenetan, Madrilgo Gobernuak bidali zuen Otomandar Inperiora Prim jenerala? Bai, "Kode Beltz" higuingarriaren autorea izanik ere, Donostian, oraindik, kalea duen hori. Eta han ibili zen, oraindik, batzuentzat, «progresista» omen zen hura, egun Bulgaria dugun horretan bertan, Omar Patxa (a) Mihaijlo Latas jeneral otomandarra aholkatzen. A ze parea.
Hori guztia, Donostian bertan, oraindik, kalea duen Lersundi jeneral eta Gerra ministroak bidalita; eta Pedro Egaña Gobernazio ministroa zela.
Krimeako Gerran hildako milioi erdi lagunek ez dute kalerik Donostian.
