Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Truss, Sunak eta azalaren kolorea

Erresuma Batuko tory-en soziologiaz eta ideologiaz dakidan apurrak esaten dit Sunakek, izatez, alde dezentez irabazi behar ziola Trussi... bere azala, izena eta abarrengatik ez balitz

Alderantziz albainduta bada ere, duela hamalau urte neure buruari egiten nion galdera bertsua berregin beharra dut orain: izango ote litzateke Liz Truss Erresuma Batuko lehen ministro kontserbadorea, Rishi Sunaken azal-kolorea bestelakoa –Truss edo Johnsonena bezalakoxea, demagun– balitz? Eta orduko erantzun berbera datorkit ahora: nekez.

Ez, ordea, Sunaken aldeko batzuei entzun zaien horregatik: Rishi fenomeno bat da, batez ere sos kontuetan, eta Lizek ez daki zer esaten duen ere ekonomiaz hitz egiten duenean. Ez dut horrenbesteko alderik ikusten bien artean horretan. Erresuma Batuko tory-en soziologiaz eta ideologiaz dakidan apurrak, ordea, esaten dit Sunakek, izatez, alde dezentez (aberastasuna, formakuntza, harreman-sarea, eskarmentua) irabazi behar ziola Trussi... bere azal, izen eta abarrengatik ez balitz. Are gehiago, mahai gainean dagoen bonba ekonomikoa dagoenean.

Arrazialismo politikoa egitate sendoa dela, Erresuma Batuko eskuinean behintzat, esan nahiko luke horrek, ezta?

2008ko udazken hartan ere erantzun bertsua otu zitzaidan, alderantziz baina ildo berberean egindako galderari: izango ote zen Barack H. Obama, bere azal-kolorearekin, AEBetako 44. presidentea Goldman Sachs bankuak udazken hartako estreinako egunean kiebra jo eta gerora Atzeraldi Handia deituko genuena sutu izan ez balitz?

Baietz erantzuten zioten galdera hari orduan inguruan nituen adiskide “Yes, we can” zaleek. Nekez, nioen nik, AEBetako soziologiaz eta historiaz dakidan apurraren harira. Ondorengo urte hauetan ikusi ahal izan dugun guztiak, galderaren erantzuna guztiz argitu ez duen arren, erakutsi du nik «arrazialismo politikoa» deitzen dudan horrek norainoko sustraiak eta itzala dituen Estatu Batuetan.

Historiaren linealtasun aurrerakoiaren fedean hazi eta hezi garenoi sinesgaitza egiten zaigun arren.

Buscar