Txina Hegoaldeko Itsasoa, baten batzuek «XXI. mendeko Mediterraneoa» deitzen hasi diren hori, komeria-antzoki ere izaten ari da azkenaldian. Duela bost aste, AEBetako presidenteorde Kamala Harrisek Filipinetara egin zuen bisitaldian, Palawan irlaraino joan-etorria egin zuen «itsasalde hartan Txinak darabilen espantsionismoari arbuio irmoa azaltzeko».
Ez dakigu oso aintzat hartu ote zuen errieta handik 250 kilometrora datzan Mischief Reef / Meiji Jiao irla okupatu / fabrikatuan (hura baita Txinak itsaso hartan kontrolatzen dituen zazpietan hurbilena Palawandik) ariko den unitate militar txinatarrak.
Baina antzezpen-politikagintzaren garai hauetan, albistegietako tarteak bete zituen, eta gero eta gehiago Dan Quayle gogorarazten duen Harrisen ospea zertxobait apaintzeko ere balioko zuen. Eta, ez dakit noraino, Itsas Armada estatubatuarrak itsaso hartan oraintsu arte egin ohi izan zituen «nabigazio librea aldarrikatzeko» agerraldiak, esplikazio argirik gabe, ia desagertu izana ahantzarazteko.
Komeriaren haria, hala ere, katramilatzen ari da baten batzuk gogorarazten hasi direlako Txinak 2013-2016an «eraiki» zituen irla horien antzera... Vietnam ere bereak «eraikitzen» ari dela Quan Dao / Spratly / Nansha uhartedi hartan. Gehiago eta lehenagotik, gainera. Ingurumen berberean eta Txinaren aitzin-postuekin tartekatuta.
Egia oso samarra esateko, «irlagintza» neurritsuagoa egiten arituko litzateke Vietnam... Txinak beretu zituenak baino dezente handiagoak zirelako abiapuntutzat dituen uharteak, besteak beste. Lekuak estreina hartu izanaren abantaila, agian.
Eta, oraingoz, haietan kausitu daitezkeen ezarpenak askoz apalagoak dirudite txinatarrek, beren irla-berrietan, azken sei urte hauetan landu dituzten instalazio militar aurreratuen aldean.
Hala ere, Filipinek beretzat erreklamatzen dituztenak izango lirateke nola batzuk hala besteak; eta horrek bai gaiztotzen duela korapiloa.
Harris andreak dioena dioela.
XXI. mendeko Mediterraneoko komeriak
Komeriaren haria katramilatzen ari da baten batzuk gogorarazten hasi direlako Txinak 2013-2016an «eraiki» zituen irla horien antzera... Vietnam ere bereak «eraikitzen» ari dela
