Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Zerbaiten ondorengo garaia amaitu omen da

Arestian Biden-Harris administrazioak argitara eman duen bertsioak Orwellen «doublethink/doublespeak»-aren ildoan idatzitakoak diruditen pasarteak dakartza. Eta ez nolanahikoak.

Garrantziagatik, edo dena delakoagatik, tentuz irakurri beharreko dokumentua izan ohi da Estatu Batuek, noizean behin (haren aldizkakotasuna ere ez baita oso erregularra izaten), argitaratzen duten "National Security Strategy" deitua. Mundu osoari egiten zaion epaiketa baten moduko zerbait da... hurrengo edizioan bertan behera gera daitezkeen epai zorrotzez josia. Edizio bakoitza bakarka hartuta, beldurgarri samarra gerta daiteke; segidan eta perspektiba puska batez irakurriz gero, autoreekiko erruki pitin bat ere sentitu liteke.

Arestian Biden-Harris administrazioak argitara eman duen bertsioak Orwellen doublethink/doublespeak-aren ildoan idatzitakoak diruditen pasarteak dakartza. Eta ez nolanahikoak:

«Bi erronka estrategiko ditugu. Lehena da Gerra Hotzaren ondorengo garaia behin betiko amaitu dela, eta potentzia nagusien arteko lehia bat abian dela datorrena moldatzeko. Ez dago Estatu Batuak baino nazio hoberik konkurrentzia honetan arrakasta lortzeko, mundu aske, ireki, seguru eta oparo bati buruz dugun ikuspegia partekatzen dutenekin batera kausa erkidean lan egiten badugu. Horrek esan nahi du autodeterminazioaren, lurralde-osotasunaren eta independentzia politikoaren sortzezko printzipioak errespetatu behar direla, nazioarteko erakundeak indartu behar direla, herrialdeek askatasuna izan behar dutela beren kanpo-politikako aukerak erabakitzeko, informazioa askatasunez ematen utzi behar dela, giza eskubide unibertsalak bermatu behar direla, eta ekonomia globalak berdintasunean jardun behar duela eta denei aukera eman behar diela».

Kontzeptu kontraesankorrak esaldi berberean josteko ariketa bikaina dela ezin uka. Esaleak haietako bakoitzarekin duen historia hurbila gogoratuz gero, ordea...

Baina, «Gerra Hotzaren ondorengo garaia behin betiko amaitu dela» hori, bere xelebretasunean, agian, egia izan daiteke.

Buscar