Gure zinemazaleei ezagun samarra egingo zitzaien, albistea heldu izan balitzaie. Baina, beharbada, Johnny Depp antzezlearen inguruko gorabeherengatik gehiago, James “Whitey” Bulger egiazko protagonistarengatik baino. Corleone-sagaren mailara hurbildu gabe, noski: “Black Mass” (2015) filmak (“Estrictamente criminal”, espainieraz) Coppola-ren “Aitajauna I.a”-ren erdia baino gutxiago bildu zuen, hamar aldiz aurrekontu potoloagoa eduki arren.
Hala ere, liburuzaleagoa naiz eta D. Lehr eta G. O’Neill-en obra M. Puzo-rena baino dezente hobea iruditzen zait. Historia errealeko istorio dokumentatutik errealitate nobelatura doan aldeagatik, ziurrenik.
Kontua da joan den astean AEBetako hedabideen zokoetan argitaratu dela, baina hemengoetan inon ere ez: Whitey Bulger mafiosoaren hiltzaileak atxilotu omen dituzte. Egia esan, hori bera ere ez da egia berdaderoa: aspalditik zeuden atxilotuta.
Hazelton presondegira heldu eta biharamunean hil baitzuten Whitey Bulger 2018ko urriaren 30ean bi espetxe-kidek. Ezaguna zen haien erantzukizuna lehen egunetik, eta norbaiten enkarguz hilko zutela ere argi baino argiago zegoen. Orain, hirugarren baten konplizitatea gehitu zaio, zenduaren familiartekoek (bakarrik) bultzatutako ikerketa patxadatsuan.
Gurpil-aulkian zegoen 89 urteko agurea, ospetsua gainera, makilakadaka akabatu izanak ez baitu, ez orduan ez orain, aparteko jakin-minik piztu, antza. Izatez, aspaldi hilda egotea hobe zuen bizidun bat zen ordurako Whitey. Dozenaka urtez Bostongo mafia –“irlandarra”, diote askok, zerbait gehitzen duelako edo– kudeatu zuen gupidagabea. FBIren laguntza ezin estuagoarekin. Zein zen zeinen salataria ebaztea baita Whiteyren historiaren benetako gakoa.
Albistea ezarian joan da. Baina Etxe Zurian norbaitek kasu egingo zion. Apustu egingo nuke Whitey ez zuela ezagutu esango duela Joe Bidenek, baina ez dut uste ausartuko denik esaten haren anaia William ez duela ezagutzen.
