Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Pasaiako sarraskia

Negua amaitu eta udaberrian sartzearekin batera, 1984ko martxoaren 22an, duela 40 urte, jazo zen Pasaiako Badiako segada. Maitaleen gordelekua zen txokoa sarraski gune bihurtu zuten egunsentia bera urratu nahi balute bezala, lehen hatsetan zen udaberria tanpez moztu nahi balute legez. Ziburutik zodiak batean abiatu ziren Komando Autonomo Antikapitalistako 5 kide ehunka poliziak ezarritako lakioan erori ziren ongi prestatutako operazioan. Rafael Delas «Txapas», Jose Mari Izura «Pelu», Pedro Mari Isart «Pelitxo» eta Dionisio Aizpuru «Kurro» modurik ankerrenean akabatu zituzten. 113 bala-zulo guztira. Gerora adituek egindako txostenak ez zuen zalantza izpirik utzi: exekuzio estrajudiaziala izan zen, garaiko bertsio ofizial guztiak gezurtatuz.

Testuingurua halakoxea zen. Euskal Herrian «Zona Especial Norte» ezarri zuten, Txantrea «barrio conflictivo» zen, Baionan Lasa eta Zabala bahitu zituzten, GAL errefuxiatuak hiltzen hasia zen eta Casas senataria hil zuen KAA-ko talde batek.

Poliziak hiltzeko lizentzia hartu eta, gaueko iluntasuna baliatuz, operazio odoltsua burutu zuen, «inpunitatea uniformearen atzean ezkutatuz», Barricadak abestu legez. Joseba Merinoren testigantza eta Rosa Jimenoren «denak hil dituzue» garrasia gelditzen zaizkigu sarraski haren lekuko gisa. Gaurdaino.

Harrezkeroztik senideen «kalbario» judizial eta politikoa etengabea izan da. Urteotan zaurian gatza baino ez dute izan. Mehatxuak, zinismoa eta isiltasuna. «Esaten duguna betetzen dugu» bezalako mezuak telefonoz alde batetik eta orduko Barrionuevo Barne ministroaren «operazioa oso eraginkorra izan da» bezalako hitzak bestetik.

40 urte ondotik, aitortza ofizialik gabe, egia eta justizia eske ari dira senideak, samindurik.

Badian orain lau silueta txuri daude arroketan margotuta, lau ingerada haien gorpu abailduen akordu gisa, haien oroigarri ezabaezin modura; senideei ez ezik Euskal Herriari ere memoria ebasten saiatzen direnei egiazki zer gertatu zen gogorarazteko. Izan ere, begiak ixten ahal dizkiogu errealitateari, inoiz ez oroimenari.

Buscar