Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Goizean goiz

Erretreten erreforma hau erreforma guztien bataila sozial handienean bilakatu du Macron presidenteak, eta disuasiorako arma guztiak erabiltzen ari da.

Komunikazio kanpaina betean Rungis herrian dagoen enpresa batera joan da Macron erarik Sarkozystenean, hots, neoliberalenean, goiz jaikitzen den Frantziarengana egin eta erretreten erreforma ezinbestekoa dela esatera. Goizeko bostak eta erdietan joan da, hango langileak bezala, bera ere goiz jaikitzen den frantziarra dela erakusteko. Zintzilika dauden abere hilen karkasen artean frantziarrek lan gehiago egin beharra dutela defendatu du, lanaren balioa goraipatu du, lan gehiago eginez gehiago irabazteko (hau ere Sarkozyren hiztegitik hartua), eta finean, bai ala bai, erreforma egin egingo duela esan du, frantziarrak zentzudunak direlako, omen. Horra goizeko ordutan, eguna ondo hasteko, fineziaz destilatutako doxa liberala.

Le Maire Ekonomia ministroak ere argi esan du ez dagoela alternatibarik; erreforma hau egin beharra dago. Borne lehen ministroak, bere aldetik, lan baldintzak hobetu behar direla dio, emazteak dituela gogoan erreforma hau egiterakoan. Darmanin Barne ministroari ere eman dio zer pentsa, eta lanaren balioa, esfortzua eta meritua aipatu ditu. Eta Dussopt Lan ministroak, duela gutxi Asanblea Nazionalean iragan den eztabaida luze eta katramilatsuan, ez zuen jada hitz egiteko gogorik eta kotaidua gurutzegramak egiten hasi da, oposizioaren erantzunei muzin eginez. Hori bai, tontakeria bat egin duela aitortu du gero.

Erretreten erreforma hau erreforma guztien bataila sozial handienean bilakatu du Macron presidenteak, eta disuasiorako arma guztiak erabiltzen ari da, izan ere argudiatzeko orduan ez baitabiltza oso fin. Hastapenean beste zerbait finantziatzeko zena, gero justua delako da, are emakumeen arrakalak murrizteko, gehiago bizi garelako edo sistemaren oreka ziurtatzeko. Orain aberastasun gehiago lortzeko ei da erreforma hau.

Bitxia da, goiz jaikitzen diren langileengana egin du Macronek. Aski zuen grebalariengana egitea, hauek ere goiz jaikitzen baitira, gogor lan egin eta aberastasuna sortzeko. Neu barne. Macron bezala goizeko bostak eta erdietan jaikitzen bainaiz lanera joateko, baina kamerarik gabe.

Buscar