Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

«Ras-le-bol»

Krakatekoa sumatzen da, halako pitzadura soziala, gobernuburu teknokraten eta herritarren artekoa. Zapaltzaile eta zapalduen artekoa.

Jendea hastiatua, nazkatua, haserre dabil oso Macronek erakutsitako mespretxuaren aitzinean. Aritmetika elektoralak presidente izatea onartu zion arren, moralki eta politikoki ez du zilegitasunik jendartearen gehiengo handi batentzat. Beti bezain harroxko agertu da telebistan, baina ez du inor konbentzitu. Aitzitik, hilabeteotan metabolizatutako haserrea leherrarazi du eta gero eta bakartuago gelditu da aberatsen presidente jupitertarra.

Erretreten erreforma pasarazi egin du, baina ez da ezer amaitu oraindik. Demokrataren itxurak eginez Asanblea Nazionalean bozkatu nahi zuten, baina gehiengorik ezean 49.3 artikulua baliatu du eztabaida «demokratikoari» zirkuitu laburra egin eta erreforma ezartzeko. 49.3 artikulua, inoiz baino gehiago, inposaketaren tresna bilakatu da. Horren harira, Borne Lehen ministroa entzun dugu esanez artikulu hori konstituzionala dela, ez dela diktadore batek egina. Baina alferrik. Diktadura bat ez den arren, honek «demokratura» baten antz handiagoa du. Bozak nire alde baditut arau instituzionalak errespetatzen ditut, baina gehiengorik ez badut 49.3 artikulua inposatzen dut. Eta horra honek guztiak ekarri duen ondorioa. Macronek berak pertsonalki ereindako hazitik etorri baita herritarren haserrealdia. Urperatzen ari den ontzi politiko baten itxura dauka Gobernu frantziarrak.

2019an erreforma ez zuela egingo zioen. Bere hitza jan eta orain beharrezkoa dela dio. Asanblean gehiengoa zutela ere esan zuten, baina gehiengorik ezean alarma guztiak piztu ziren. Eta inposaketa heldu da «ez-presidente» den presidente baten eskutik. Eta, hala ere, futitzen da. Eta mota guztietako poliziak bidali ditu grebalari eta manifestariak isilarazteko. Baionan, Biriatun eta Hendaian bezala. Begiak eta eztarriak erre dizkigute gas lakrimogenoekin, gazteak dituzte atxilotu.; aurrerantzean, ordea, ez da ezer berdin izango. Krakatekoa sumatzen da, halako pitzadura soziala, gobernuburu teknokraten eta herritarren artekoa. Zapaltzaile eta zapalduen artekoa.
XXI. mendeko klase borroka bizi-bizi dago egunotan karriketan.

Buscar