Nikole Ziarrusta
Nikole Ziarrusta

Ez dago beste aukerarik irabaztea ez denik

Azken asteetan Nucleo Nacionaleko neonaziak ikusi ditugu Euskal Herriko hainbat txokotan ekimenak egiten. Haien leloetako  batek “no parar hasta conquistar” dio, eta batzuetan grazia eman ahal badigute ere, intentzio hori dute. 

Laredon hamalau euskal herritarrek gizon talde faxista baten eskutik jazarpena eta jipoiak jasan dituztela salatu dute; PPko alkateak garrantzia kendu die erasoei, haren ustez “ganberradak” baitira. 

Donostiako Udalak Kaleko Afari Solidarioak debekatu ditu. Bitartean, pertsona migratuen aurkako olatu erraldoia hauspotzen ari dira Ceutako gertakariak aitzakia hartuta. Zeren hitz egin dezagun argi: arrazakeria ez dago inoiz justifikatua. Milaka pertsona bultzatuak izan dira Maroko eta Espainia arteko muga zeharkatzera operazio antolatu batean, zeinetan hamarnaka pertsona itota hil diren. Operazioa Marokoko indar polizialek babestua egon da. Pertsonak arma politiko gisa erabiliak izan dira, hango eta hemengo ultraeskuinari hegalak emateko instrumentalizatuak, haien bizitzak arrisku larrian jarriz eta Ceutan ikaragarrizko ezegonkortasuna sortuz.

Nazioartean bezala, espainiar Estatuan ere faxismoa indartzen ari da. Genealogia eta memoria zehatz bati lotuta ari da gertatzen, eta agenda erreakzionarioa martxan jartzeko hamaika eta bat ahalegin egiten ari dira. Horregatik, arduraz jokatzea dagokigu, erne egotea, antolatzea.
 
Irailaren 13an “Euskal Herria irabaztera. Faxismoari ez!” lelopean, Ernai gazte antolakundeak manifestazio nazionalera deitu du. Ikusten ari garen gertakarien aurrean egun horretan Donostiako kaleak hartzera animatzen ditu Euskal Herriko gazteak eta ez horren gazteak. 

Bulkada atzerakoiari herri gisa erantzuteko, Euskal Herriak kontzientzia eta praktika antifaxistak dituela argi uzteko eta alternatiba badagoela ozen aldarrikatzeko. Manifestaziora deitzen duen kantak dioen bezala: ez dago beste aukerarik irabaztea ez denik

Buscar