Gazteon arrazoiak grebarako
Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata jasotzen duten langileen laurden bat gaztea da. Esperientziarik ez izatea aitzakiatzat hartuta, iraingarriak diren soldatak eskaintzen zaizkigu maiz. Enplegu-aniztasunera ohituak gaude eta askotan kobratzen ez diren lanak ere gure gain hartzen ditugu. Hau, emakume gazteon kasuan, are gordinagoa da.
Bitartean, etxebizitzaren kostuak zein oinarrizko produktuen prezioak gora doaz. Bizitzaren garestitze nabarmena bizi dugu, baina soldata eta pentsioak ez dira errealitate berrira egokitzen; berdin mantentzen dira. Horrek ondorioak ditu: erosahalmena jaisten da, jendartea pobretu, eta prekaritatean eta bizitza ezegonkorretan are gehiago murgiltzen gara.
Bada, horri guztiari dagokion garrantzia ematen badiogu, argi dago sobera arrazoi dugula lan baldintza duinagoak exijitzeko. Horretan ari dira sindikatuak; greba eta mobilizazioen bitartez eremuz eremu soldata eta lan baldintza duinak aldarrikatzen eta negoziatzen dihardute. Baina badaude trabak, interes kontrajarriak; patronalaren interesak ez baitira langileon berberak. Greba orokor honen arrazoiak hor kokatzen dira. Sindikatuak negoziazioak zabaltzen saiatu dira, baina Confebask eta CENek mahaian esertzeari uko egin diote. Bitartean, Iberdrolako zuzendariaren irabaziak –beste askorenak bezala– gora eta gora doaz. Iaz 15,8 milioi euro irabazi zituen Ignacio Sanchez Galanek, aurreko urtean baino %12 gehiago. Datu horrek erakusten du gakoa aberastasunaren banaketa ezean dagoela.
Egoera hori izanik, gazteok egin dezakegun bakarra gure orainagatik zein etorkizunagatik borrokatzea da. Pobreziaren aurka altxatu, eta gutxiengo batzuen milioiak gehiengoen bizi baldintza duinen gainetik jartzen dituzten horiei mezu argi bat bidali: ez zaizue debalde aterako.
Gazteok gazte greba komiteak eta ikasle komiteak antolatu ditugu martxoaren 17a ahalik eta arrakastatsuena izan dadin, lehen lerroa hartzeko prest baikaude. Bada, goazen dena gelditzera!
