Nikole Ziarrusta
Nikole Ziarrusta

«Hay que dar ahora»

Maiatzaren Lehena heltzear da. Bertolt Brecht-en “Preguntas de un obrero que lee” poemako hitz ospetsuak ekartzekoa nintzen, baina Txabi Etxebarrietaren “Hay que dar ahora” olerkiak indarrez hartu nau. “Pido, pero no doy nada/...pido que den ahora/para dar yo mañana/¡Hay que dar ahora!/…Ahora!/Para que puedan comer mañana/de sueños bellos en sus camas/y ya no puedo hacer sobre esto nada/Pero hay que dar ahora/para que tengan mañana a la madrugada”.

Maiatzaren Lehena Chicagoko martir anarkisten historia da. Zortzi ordu lan egiteko, zortzi aisiarako eta zortzi atseden hartzeko; helburu horri leial mantentzeagatik heriotza zigorrera kondenatu zituzten hainbat langile. 1886an Chicagoko Haymarket-eko greba orokorretako istiluetan parte hartuz lan baldintza duinak exijitzea gogor ordaindu zuten: lau erailak izan ziren, eta bosgarrenak bere buruaz beste egin zuen sententzia heltzear zela. Beste biri bizitza osoko kartzela zigorra ezarri zieten, eta zortzigarrenari, 15 urteko kartzela zigorra.

Herri bakoitzak bere maiatzaren lehena duela diote, bere langileriaren sufrikario eta konpromiso borrokalaria adierazten duen eguna, duintasuna guztiaren gainetik jartzeko eguna. Oroituko zarete, Euskal Herriko maiatzaren lehenak 50 urte bete baititu aurten. “Egia, memoria eta erreparazioa” zioen pankartak, eta honen atzean bildu ziren milaka herritar joan den martxoaren 3an Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Mende erdi bete da Gasteizen espainiar Poliziak bost langile erail zituenetik. 

Baditugu ere urtez urte maiatzaren lehen txiki ez horren txikiak: Greba feminista orokorra izan zitekeen 2023an, eta aurten martxoaren 17ko greba orokorra izan da. 1.500 euroko gutxieneko soldata aldarrikatu eta hau Euskal Herrian erabakitzeko 105.000 herritarrek hiriburuetako kaleak hartu genituen. 

Mugarriz mugarri, herria antolatzen eta aldarrikapenak eskubide bilakatzeko prozesuak irekitzen dihardugu. Noski, bitartean, langileriaren nazioarteko egunean, esplotazio guztiez gaindi, langileria batzen jarraituko dugu.

Buscar