Nikole Ziarrusta
Nikole Ziarrusta

Mileik ez du grebarik nahi

Aste honetan Argentinako senatuak lan erreforma berria onartu du. La Libertad Avanza ultraeskuineko alderdiaren garaipena izan da, eta lan baldintzetan eta greba eskubideetan atzerakada izugarria ahalbidetuko du. Sindikatuek, besteak beste, hamabi orduko lanaldiak zein greba eskubideen murrizketak salatu dituzte. «Ley de modernización laboral» izendatu dute erreforma, txistea ona bezain beldurgarria da.

Bada, bizi kondizioen eta aberastasunaren banaketaren aurkako gerra dute izateko arrazoi eskuin muturreko aktoreek. Batzuetan herri sektore zabalekin atrebituko dira, eta, gehienetan, kolektibo zaurgarriak bilakatuko dituzte gudu zelaiko protagonista. Irabazten aterako da elite ekonomikoa, noski.

Hori presente, bizi kondizio duinen konkistan aurrerapauso sendoak ematea beharrezkoa dugu. Sendoak, legeetan kontsolidatzeko, baina, halaber, gehiengo herritarra kontzientziaz eta harrotasunez borrokatuko delako haien alde, berriz atzerapausorik eman ez dadin. Prekaritateak eragiten duen beldur eta haserreari alternatiba emantzipatzailea emateaz mintzo naiz.

Posizio horretatik begiratu behar diogu martxoaren 17ko greba orokorrari: euskal sindikatuen gehiengoak pobreziaren aurka eta burujabetza gehiagoren alde egindako apustu partekatua. Gutxieneko soldata propioa hemen erabaki eta 1.500 eurora igotzeko aldarrikapenaren alde borrokatu dira luzaz, patronalarekin akordioak negoziatzen saiatu, eta 138.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte. Hori horrela izanik ere, Confebaskek eta CENk zein Lakuako eta Nafarroako gobernuek negoziazioari ateak itxi dizkiote.

Sindikatuen arabera 1.500 euroko soldataren azpitik kokatzen dira Hego Euskal Herriko 307.100 langile. Horietatik 164.000 jardunaldi osoan, eta 143.100 lanaldi partzialean. Gehienak gazteak, emakumeak eta langile migratu eta arrazializatuak gara. Baina izan gaitezen zintzoak, gutxieneko soldataren igoerak langile guztioi eragingo digu modu positiboan. Antola dezagun Greba Orokorra.

Buscar