Fakun Aznarez

Biolentziak agerian uzten ditu kontraesanak

Bortitza eta zuzena egin zait Agarrate Catalina Uruguayko murga historikoaren azken abestiaren bideoa. Oso bortitza eta erreala.

Uruguayen, instituzioak dira murgak. Herriaren ahotsa eta bere izaera islatzen dutenak. Sufrimendua, umorea, haserrea eta egunerokotasuna kanporatzen dute, askorentzat terapia musikala izanik.

Auzoz auzo ensaioetan berotzen dira ideiak, asmatzen edo bereganatzen dira doinuak, urtean zehar urtarrilaren erdialdean hasi eta otsailaren amaiera bitartean izaten den munduko inauteririk luzeenaren adierazle nagusietarikoa osatzeko.

Diktadura militarraren garaian zentzura saihesten zuten murgeroek, nahiz eta haien partaide askok erbestealdirekin ordaindu behar zuen.
Eta eskumako alderdien politika baztertzaileen aurrean ("Gorrixkak" edo "Colorados" deitzen dira eskuinekoak, edo Zuriak edo "Blancos", zentro eskuindarrak), murgak betidanik ezkerreko mugimenduaren ofentsiba musikala izan dira, plazaz plaza kritika, erreklamo eta haserre ironikoaren erakusle nagusiak alegia.

Baina gaur egun, egoera ezberdina da. Ezkerreko politikak egiten omen dituen gobernua boterean dagoen hamarkada honetan gauzak ez dira asko aldatu, eta murgeroek errealitatearen ispilua izaten jarraitzen dute.

Sare sozialei ezker Pepe Mujica lehendakariak nazioarteko bilkuretan zer esaten duen etengabe errepikatzen eta estekatzen den honetan, badago beste Uruguay ilunago, gure begibistatik at geratzen dena.

Bazterkeria bertan dago. "Cantergriletan" edo hirien "gerrikoetan" handitzen doa miseria, gobernu aurrerakoi baten begien aurrean. Eta tamalez ez dira errotik estruktura judizial, ekonomiko eta polizialak aldatu hamarkada honetan.

Memoriaren zorrei dagokienez, orrialdea pasatzea gomendatzen diguten bitartean, justiziaren zapiarekin begiak estali eta daukagunarekin konformatu beharko genukeela esaten didate ezkerrekoak omen diren batzuek.

Gainera behin baino gehiagotan entzun behar izan dudana: "Delikuente hutsak dira. Ez dira integratu nahi, ez dute lan egin nahi, lapurtzeko eta marjinatuta izateko jaio eta bizi dira".
Amorrua eta haserre sentiarazten naute esaldi hauek. Ulertezina egiten zaizkit, barne kontraesanak haratago. 

Eta askotan nire buruari egiten diodan galdera, berriro plazaratzen dut: Ezkerreko gobernua izan nahi duena, ez baditu errotik aldaketak ezkerreruntz bideratzen, nork egingo du bestela?