Dabid Lazkanoiturburu
Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea

Pakistango Armada, Txinaren eta AEBen arteko talkan ere beti garaile

Badago munduan gertatzen den ororen erantzule geopolitika egiten duen tendentzia, giza-eskubiderik oinarrizkoenak edota aldarrikapen demokratikoenak bere aldarean sakrifikatzeko prest dagoen pentsamoldea, Santiago Alba Rico filosofoak egun hauetan gaitzetsi duen bezala.

Ez dut ukatuko geopolitikak eta geoestrategiak berebiziko pixua dutela, baina, egia da ere, askotan barne-tirabira politikoen testuinguruan norberaren interesak defendatzeko aitzaki moduan edota erabaki maltzurrenak justifikatzeko mamu bezala erabiltzen direla ditxosozko geo-hitzak. Pakistanek bizi duen krisia adibide garbia da.
 
Parlamentuan zituen babesak galdu ostean, Imran Khan lehen ministroak Pakistango Armadari egotzi dio bere kargu-gabetzea, Ukrainiako gerran AEBen aurrean amore eman ez eta Errusiatik aldendu ez delako.
         
Khan cricket-eko jokalari ospetsu ohiak ahazten duena zera da, 2018an boterera iritsi bazen Armada beraren babesa zuelako dela, militarrek urtebete lehenago Nawaz Sharif lehen ministroari babesa kendu ziotelako eta, korrupzioa dela eta, auzitegien eskutan utzi zuelako.

Londresen urrezko herbestean dagoen Nawaz Sharifen anaia, Shehbaz, lehen ministro izendatzekotan zen Parlamentua.
 
Berak gidatzen duen alderdi musulmanaren eta Benazir Bhutto zenaren semearen alderdiaren babesa du.

Dena den, eta 200 milioi biztanle dituen herrialdearen baitan dauden eskualdeen arteko talka ahaztu gabe (Sharifen dinastiak Punjaben du indarra, Bhutorena Sindhen... Khanek Islamabaden? ), argi daude hiru gauza: Pakistango Armada, eta bere zerbitzu sekretua (ISI), jaun ta jabe izaten jarraituko duela, Txinak, Pakistango metropoli berriak, ez dituela bere interesak kolokan ikusten, eta, azkenik, AEBek badutela non jokatu.

Guztia pakistandarren, eta bertan bizi diren beste herrien (pastunak, balutxiak..) kaltean.

Buscar