Dabid Lazkanoiturburu
Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea

Uigurren «berreziketa», Xi Jinping eta Bachelet

Duela urte batzuk eraiki zituen Txinak uigur matxinoak (Ekialdeko Turkestaneko etnia) kontrolpean edukitzeko zentroak. Hasieratik ukatu egin zuen Beijingek kartzelak zirenik eta «Berreziketarako  eremuak baino» ez zirela argudiatu zuen, matxinoek eta bere ingurukoek yihadismoan (musulmanak dira uigurrak) edota independentzia-zaletasunean eror ez zitezen.

Berreziketa zentroek historia luzea zein odoltsua dute Txinan maoismoaren garaian eta ekialdeko Asiatik irten gabe beste hainbat lurraldeetan, Jemer Gorrien Pol-Pot erregimenean kasu Kanbodian.

Agian horrexegatik izena aldatu die zentruei Txinak azken aldian,  Lanbide Heziketarako egoitzak direla ziurtatuz, eta gehienak itxi dituztela gaineratuz.

Badakizue, zuen seme-alaba bertara ikastera eramatekotan bazarete adi egon, plazak gero eta murritzagoak baitira. Hori bai, lanpostua ziurtatuta.

Agian jakingo duzutenez ere, Michelle Bachelet NBEaren Giza Eskubideen aldeko goi-arduraduna Txinan da gaia aztertzeko.

Xi Jinping presidente txinatarrak ez du zuzenean hartu, bideo-konferentziaren bitartez baizik (Zero-Covid politikaren eragina izango da, isolatuta dauden Shanghai hiriko biztanleei keinua).

Mao Zedong Txina berpiztuaren aita hil zenetik botere gehien bildu duen Xik bi gauza aipatu zizkion Txileko presidenta ohiari pantailaren beste aldetik. Inor ez dela gai auzi honetan inor kritikatzeko eta Txinaren lehentasuna jendearen bizibidea eta garapena ziurtatzea dela.

Aitzitik, edozeinek du, baita maltzurrenak ere, beste inork giza-eskubideak urratzen dituela salatzeko beta, AEBak Txinan edota Txinak AEBetan.... Eta herrialde bakoitzaren «nazio baldintzak» aitzaki bezala erabiltzea baldintza horiek ez aldatzeko aitzaki bihurtzen da.
 
Diplomaziari zor, erantzun hauek ez zion eman Bacheletek Xiri eta Washingtongo Gobernuak baldintza horietan bidaiatu izana leporatu dio Nazio Batuetako ordezkariari. Kritika horrek begi bistan uzten du AEBen lehentasuna ez dela uigurren patua arintzea, Txinaren kontra egiteko baldintzak elikatzea baizik.

Buscar