0 comentarios

Ustekabeko erantzuna

Kirol lehiaketak amaitzear daude eta final kutsuko makina partida jolasteko garaia da. Batzuk txapelketak irabazi dituzte, edo azken unean europako lehiaketan sartzeko txartela lortu dute, eta besteak atean geratu dira. Beste batzuk azken unean jakin dute mailari eutsiko dioten edo ez.

Orain, zikloa amaituta, balorazioak egin eta kirolari eta teknikarien etorkizunaren berri izateko garaia da. Batzuk aurrerantzean egungo taldetik urruti izango direla iragarri dute eta beste batzuk beraien kirol jarduna betirako amaitu dela. Aro interesgarria da, beraz, kirol kazetaritzan dabilenarentzat. Batez ere kirol jardunaz haragoko kontuokin saltsa sortzea gustuko dutenentzat. Kazetari mota horri eliteko kirolari zenbaitek hedabideekiko harremanetan erakutsitako trakeskeria gehitu ezkero, hara non aurkituko dugun albiste, zurrumurru eta bestelakoak urre beltza bailitzan botatzen duen petrolio ustiapen amaigabea.

Egunotan asko dira kirolariei edo taldeetako arduradunei mingainetik tiraka ibiliko diren kazetariak. Helburu garbia dute, esklusiba eskuan albistea inork baino lehen argitaratzea eta ahal dela albistea interesatzen zaion terminotan zabaltzea, albisteak dituen erpinetatik morbo gehien duenari garrantzia emanez. Albiste originalak bidean geratzeko arriskua izango du, noski, baina egunkariak saldu edo sarean trafiko itzela sortzen bada, berdin du.

Kontua da txikleari noraino eta nola tiratzen zaion: filtrazioa lortu daiteke edo prentsa aretoan galdera egokiak eginez protagonista neurrian estutuz etekina lortzea da kontua. Ahal dela, txiklea puskatu gabe, etorkizunean jokua ematen jarrai dezan. Zorionez, kirolari profesionalen artean denetik dago eta denak ez dira jokuan erortzen.

Askok, gero eta gehiagok esango nuke, garbi dute zelaian bezain onak izaten saiatu behar dutela hedabideen aurrean. Prentsarekiko joku horretara jolastea beraien lanaren zati dela badakitenez, prentsarekikoak komunikazio arduradunen esku utzi ordez beraiek kudeatzea erabakitzen dute, jakinik badutela zer irabazi eta baita zer galdu ere. Horrela, kirolariak kazetariak galdetutako memelokeriari aurreikusi zitekeen moduan nola erantzuten dion ikustera ohitu bagaude ere, askotan txiklea puskatu egiten da eta kirol kazetariak espero ez duen erantzuna jasotzen du kirolariaren ahotik. Aurreko asteburuan horren inguruko zenbait adibide ikusi ditugu.

Gure lurretatik urruti, Sarunas Jasikevicius, Zalgiris Kaunas Saskibaloi talde Lituaniarreko entrenatzaileak ostiraleko partidaren ondoren emaniko agerraldian kazetari batekin izandako elkarrizketa gogoangarria izan zen. Lituaniako txapelketaren final aurrekoetako hirugarren partida jolastu eta irabazi berri zen taldea. Horrela, lehen begiradan taldearentzat positiboa zen egoera bat izanik alde ilun edo kaxkarren baten bila zebilen kazetari batek Augusto Lima pibote brasildarra, aita izan berri zela eta, partida jokatu ez zuela eta galdera egin zion entrenatzaileari. Hemen Jasikevicius eta kazetariaren arteko elkarrizketa:

Etxean, Juan Martinez de Irujoren agurra izan genuen eta bertan ere izan zen kazetari protagonistarik. Izan ere, gauza jakina zen Iberoko pilotariak etorkizunean jokatzen jarraitzeko zailtasunak izango zituela. Hamar hilabete luzez hedabide eta zaleak albiste zain izan ditu. Hori garbi zuen Irujok eta gauzak ondo amaitu asmoz Nafarroako Pilota Federakuntzak lagunduta berak pertsonalki deitutako agerraldia eman zuen larunbatean. Hala, egunkariren batek aurretik zabaldu zuen albistea eta nolabait ordurako gauza jakina zena iragartzera zetorren Irujo. Pilotariren batek ondoren aipatu zuen moduan kazetariak nonbait ezin izan zuen hamar hilabete eta egun bat itxaron eta esklusiba lapurtu zion protagonistari bere agurraren egunean. 

Horrela, enpresako arduradunak ondoan eta Labriteko kantxako harmailatan jende asko zela hasi zuen Irujok agerraldia. Lehenik eta behin, eta kakari buelta gehiago eman gabe, albistea eman zuen: ez du jokatzen jarraituko. Bere osasunak ez dio uzten. Horixe azaltzea zen Irujok berak deitutako agerraldiaren xede nagusia. Ondoren, prentsari eskerrak eman zizkion eta azken hilabeteetan bere egoeraren gainean izandako pazientzia eta orokorrean pilotari egiten zaion jarraipena goratu zuen. Gero enpresa, pilotaria, familia eta lagunei eskerrak eman zizkien luze eta zabal. Bere hitzak amaitu eta frontoian bildutako pilotari, lagun, familiar eta zaleak zutik jarrita txalo zaparrada jasotzea dena bat izan zen. Ondoren, enpresako arduradunek hitz egin zuten eta galderen txanda ireki zen. Giro eta tonu berean, Irujori galdera egin eta eskerrak eman eta aitortza eginez joan zen galderen tartea. Bere eguna zen, ezusteko osasun arazo baten ondorioz profesional izateari uztea iragarri eta esan nahi zituenak esateko eguna. Ez zuen debalde deitu agerraldia.

Halaxe, galderei erantzun eta azaldu nahi izan zituenak beste moduren batera berriz aipatu eta kontu desberdinen gaineko bere irudipen eta xehetasun gehiago eman zituen. Hirugarren galdera iritsi zen arte. Galdera, bizkaian oso zabaldua den eta gipuzkoan egunkari anaia duen egunkari bateko kazetariak egin zion. (Albistea egunkari Gipuzkoarrak filtratu zuen). Hau izan zen pasartea: 

Loading player...

Bistan da, filtrazioarekin gustora ez eta tonu ederrean igarotzen zebilen agurreko agerraldiaren gainetik pasata albisteari egoeraren erpin pertsonalenetik heldu nahi izan ziola norbaitek. Ez zuen lortu, Irujok garbi zuen egun horretan egin nahi zuena agur esan eta jendeari eskerrak ematea zela. Ez zuen asmorik bere osasunaz hitz egiteko eta ez zuen egin, bere eskubidea eta nahia horiexek dira. Norbaitek aipatu zuenez egundaino emandako sotamano onena eman zuen Irujok larunbatean, hori bai, bere estiloarekin, modu elegantean.

/