Doakiela nire miresmen zintzoa Gazako palestinarren sufrikarioa salatzeko helburuarekin joan den flotillako partaideei. Hori da adorea hori! Ni neu, behinik behin, ez nintzatekeen kapaz izango horrelako ekimen batean parte hartzeko. Koldarra naiz, aitor dut. Ontzidiak egindako bidaia epikoak ilusioa sorrarazi du han-hemenka. Gazara helduko ez zirela susmatzen genuen arren, asaldatu egin gaitu Israelek eman dien tratu txarrak. Euskal Herrian arreta handiz jarraitu dugu elkartasun keinua, bai herritarrok, baita hedabideek ere. Eta gogoetarako gaia eman du. Eta eman dit.
Hara zergatik. Ontzidiari buruzko azken albisteak denok jarraitzen ari ginen egun berean, nire herrian datorren urteko aurrekontuak eztabaidatzera deitu gintuen udal taldeak. Proposamen ona, landua, modu ulergarrian aurkeztua... lehenengo urratsa baino ez da izan. Hemendik aurrera, herritarroi galdetegi bat helduko zaigu geure auzoko balizko gabeziak azal ditzagun, eta, horiek denak bilduta, beste bilera orokor batera deituko du Udalak, denon artean azter dezagun proposamenen egokitasuna, batetik, eta bideragarritasuna, bestetik. Hala ere, bizilagunetatik %0,2 baizik ez ginen bertaratu alkatetza taldearen azalpenak entzutera. Nire herriko zinegotziak ez dira irtengo hedabideetan. Inork ez du jakingo zenbat ordu eman duten lan isil eta, sarritan, aspergarrian, herritar batzuen arrangurak entzunez, gainera. Denon onurako jardunez gutxi batzuen esker ona jasoko dute, hauteskundeetan gehiengoa lortu arren. Epikarik ez du eguneroko lan instituzionalak baina denon bizimodua alda dezake: gizarte zerbitzuetan, aisialdian, euskararen erabileran...
Bitxia da gero! Gizarte ustez demokratiko batean herritarrek exijitzen diote Udalari ongizate komunaren bila joan dadila denon parte hartzea bultzatuz. Gure artean, aldiz, instituzioa esku aurrerakoietan jarri ahala, herritarren ehizan hasi behar da parte hartzea bermatze aldera. Zinegotzi eta alkate askori monumentua egin beharko litzaieke. Noizbait, txalo artean, esker onez.
