Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Kontrakarrean

Ez da anekdota hutsa PSE-EEk izan dituen azken idazkari nagusi biak euskal hiztunak eta Idoia eta Eneko izena, hurrenez hurren, izatea. EAEko gizartea nola aldatu den erakusten du horrek, baita PSE-EEren baitan dagoen euskaltasuna ere, txikia izan arren. Horren txikia ezen barruko ahots kritikoak ere entzun daitezkeen noizean behin.

Idoia Mendia anderearekin asaldatzen nintzen euskal herritarron «benetako» beharrizanak konpontzera zetorrela esaten zuen bakoitzean. Itxura batean, alderdi sozialistak bakarrik ulertzen zuen euskal gizartearen egonezinaren muina eta astoaren arrantza baino ez ziren txikikerietan ei genbiltzan abertzaleok. Modernotasunaz jantzita ageri nahi zuenak ezin zezakeen diskurtso zaharkituagorik plazaratu, identitatearen inguruko eztabaida soziala gaurkotasun handiko gaia baita han-hemenka. Edonork jakin beharko luke hori, baina, batez ere, Euskal Herrian bizi izanda, adorea izan behar da nazio identitatearen inguruko gaiari garrantzia kentzeko. Halakorik!

Bada, Mendiaren ordezkoak biderkatu baino ez ditu egiten haren akatsak. Azken harribitxia aste honetan bota du: bere alderdiak ez du nahi EH Bilduren babesik lehendakaritza lortzeko ezta gobernatzeko ere. PSE-EEk hauteskundeak irabazita ere, nork esan dio Anduezari oposizioak alfonbra gorria jarriko diola lehendakaritzara bidean?

Abaguneak behartuta, PSOEk eta PSNk onartu dute ezkerreko independentismoaren babesa, modu berean izan gabe ere. Lehenengoak lurralde auziari ekiteko konpromisoaren bidez eta bigarrenak euskararekiko mesfidantza apur bat baretuz, besteak beste. Akordioak egiteko prestasuna adierazi dute biek. Hori da demokrazian egin behar dena! Andueza jauna, aldiz, poz-pozik ageri da EH Bilduk ez duelako babestuko Hezkuntza Lege berria. Herritarrok, abertzale izan edo ez, ez dugu merezi adostasunik ezaz harro ageri den politikari zekenik.

Euskaltasunetik gutxi eta demokraziatik are gutxiago erakusten ari da Andueza. Kontrakarrean ari da, batek daki noren bozkaren bila.

Buscar