Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Kontsentsu berriak euskararentzat

Xabier Zabaltza historialari nafarrari irakurri nion behin euskarari buruz gutxiago hitz egin beharko genukeela eta euskaraz gehiago egin. Arrazoi osoz. Kalean euskaltzale agertzen denak etxean erdaraz egiteko joera handia eduki dezake, adibidez. Baina Zabaltzak ere ondotxo daki euskara ez dela edozein hizkuntza. Onerako eta txarrerako. «Txarrerako» diot ezinezkoa dirudielako euskararen inguruan gogoeta egiteak nonbaitetik irain zaparradarik jaso gabe. Euskal hiztunok ez genuke sentitu behar geure burua lubaki eternal batean, gerrarako prest. Eta ez dut uste mesedegarria denik hiztunen arteko gatazka gisa planteatzea euskararen biziraupena, batzuetan, Administrazioaren lanpostuen hizkuntza soslaia zehazteko orduan egiten den bezala. Argi eta garbi esan du EH Bilduk: premia handikoa da hizkuntza politika sendoa adostea, sen onez baina anbizioz ere, gizartean «polarizazioa» gauzatzeko arriskua baitago euskararen inguruan. EAEn, behintzat, agerikoa da orain arte egon den euskarari buruzko gutxieneko kontsentsu politikoa ahultzen ari dela. Horixe da polarizazioaren esangura. Eta kezkagarria da. Euskararen kontra, horrela esanda, inork ez du hitz egiten, baina badago jendea mehatxatuta sentitzen duena bere burua, euskarak eremu soziala irabazi duelako. Ezin da, inola ere, batez ere arlo juridikotik datorren erasoa zuritu. Baina erasoaren salaketaren ondorio nagusia bada euskaltzaleok gotortzea, gureak egin du!

Onerako ere, euskara ez da edozein hizkuntza. Zorionez. Aldiro milaka pertsona, euskaldun izan edo ez, hunkitzen dituen Korrikaren arrakasta da adibiderik argiena. Euskara hizkuntza maitatua da eta zama sinboliko eta politiko handia dauka. Euskararen altzora erakarri nahi dugu jende gehiago eta hura euskal herritar guztion ondarea dela sentiarazi. Hartara, ez dut uste guk geuk jarri behar diogunik harresirik euskararekiko atxikimenduari. Horretan ari dira beste batzuk dagoeneko eta lagun dute giro gaiztua. Euskarak, ordea, kontsentsua eta bakea behar ditu.

Buscar