Korrika nenbilen Bilboko kaleetan zehar eta autobus geltoki batean irakurri nuen iragarkia: «Ezarri titulu bat zure esperantzari». Ez nuen ulertu esaldi ustez sakon hura, baina presa nuen. Hurrengo markesinan geratuko nintzela pentsatuz, berrekin nion bideari. Bitartean, baina, nire esperantza zertan zetzan hausnartzen hasi nintzen, izerditan blai nindoala. Berehala otu zitzaidan: euskal gizartean demokrazia gailentzea betirako. Bizi garen garaiotan ahula, hauskorra, zaurgarria delako demokrazia. Modaz kanpo dagoela dirudi, hain zuzen ere, inoiz baino gehiago behar denean harengan sinestea. Hedabide honetan ohartarazi zuen Xavier Torrens politologo katalanak ez dagoela gizarterik ultraeskuinaren kontrako txertoa hartuta duenik.
Arlo politikoan, gehiengo aurrerakoiak osatzea ezinbestekoa da, Arnaldo Otegik ederto adierazi zuenez azaroaren 22ko manifestazioan. Hala ere, demokrazia joko politikotik harago doa. Horregatik, mota askotako gorrotoa indartzen duen pentsamendu totalitarioari aurre egiteko modu bakarra kultura demokratikoan sakontzea da. Bizikidetza bermatzen duten zubiak eraikitzen, konpromiso eta adiskidetasun zibikoak bultzatzen. Horretan izan beharko genuke erradikalak. Lubaki batetik ezinezkoa da zubirik eraikitzea. Eta lubakia zenbat eta sakonagoa izan, are eta zailagoa izango da elkarren arteko lotura eta, ondorioz, are eta handiagoa arazo komunekiko desafekzioa. Nafar politikari batek esan zuen lehengo batean desafekzio politikoak eskuinari bakarrik egiten diola mesede. Ados nago. Baina nola egin aurre desafekzio sozialari? Nola irauli jarrera gotortu antzuak? Zelan indartu aniztasunari egiazko errespetua? Horiek ez baditugu eraldatzen, demokraziak jai dauka eta harekin batera gure esperantza guztiek. Besteari entzutea arimako jarrera sakon bat dela irakurri dut egunotan. Munduan egoteko modu bat, esan liteke.
Hurrengo markesinan hobeto irakurri ahal izan nuen iragarkia. «Ezarri titulu bat zure esperientziari». Baliagarria iritzi nion hari ere.
