0 comentarios

Basoetatik datorrena

Latinetik datorren bere izenak, «basoetako zaintzailea» edo «basoetatik datorrena» esan nahi du. Bere abizenak berriz, enbor leuneko arbola bati egiten dio erreferentzia, «usain goxoko lore zuriak dituen eta jateko fruitu eztiak ematen dituena». Silvana Lima da, 31 urteko surflari brasildarra, hortz zuri-zuriak, azal iluna, altuera laburra, irribarre luzea, sekulako talentua eta nortasun handia dituen neska, horregatik ez du babeslerik aurkitzen.

Munduko surflari onenetako baten taulak zuri jarraitzen du, marka izenen logo edo pegatinarik gabe, benetako titi eta ezpainak dituelako, denbora eta bizitzaren aztarnak soinean daramatzalako eta batez ere, gezurrezkoa ez delako. Ez omen dute nahi babestu, itsusia delako, silikonazkoa baino, hezur-haragizkoa delako, eta inork garbi esaten ez badu ere, nik zera gehituko nuke, esne kolorekoa baino lurraren kolorekoa delako.

Azken hamarkadan lehen mailan lehiatu eta sekulako emaitzak lortu dituen surflariak bere dirutik ordaindu behar izan ditu azken txapelketetan parte hartzeko egin behar izan dituen bidaiak eta txandaz txanda garaitu dituen emakume ilehoriek ez bezala, bestelako lanak egiten aritu behar izan du lehiatzen jarraitu ahal izateko. Berak dioen moduan, «bularretan inplanteak jar nitzakeen, ilea apaindu, eta baita lentillak jarri ere, baina hori gehiegi litzateke, ez nuke neure burua ezagutuko».

Mutil artean sarri entzuten den galdera da, «nola da posible goi mailan lehian ari diren neska guztiak ederrak izatea?». Horra erantzuna. Egiten dutenak baino garrantzi handiagoa du daukaten itxurak. «Surf markek surflari bat baino modelo bat nahi dute», dio Limak.

Hala ere, modelo izateko izan behar den itxurak benetan mutilak erakartzen dituen zalantza daukat. Emakume bat haurdun dagoenean esaterako, naturak ederrago egoteko bere gorputzeko atal ikusgarrienak nabarmentzen ditu. Masailak gorritu, ezpainak puztu, titiak handitu eta soslaia desitxuratu arren, emakumea bere bikotekidearentzat erakargarri bilakatzen du. Egun maitatu behar dugula dioten profilaren kontrako zerbait proposatzen digu izadiak. Beraz, naturak iradokitzen digun bidearen kontrako zentzuan goaz.

Ni ez nago hain ziur “itsusi” etiketa jartzen dieten horiek benetan esaten duten bezala zatarrak direnik, horretan ere oker gaudelakoan nago. Nik gustuko dudan emakumearen irudia ez dator bat egungo modeloekin, eta gehiago esango dizuet, modelo itxurako emakume horien ondoan diren gizon altu, gihartsu galant horiek mozkortzen direnean norengana hurbiltzen diren begiratu besterik ez dago egiaz zerk erakartzen dituen ikusteko. Gizartearen aurrean paseatzeko ondoan eramaten duten panpina horrekin txortan ari direnean norekin pentsatzen duten jakin nahi nuke, bai baitakit, asteko egunetan, ezkutuan, Internet bidez ezagututako emakumeekin zita klandestinoak izaten dituztela, inondik inora Nivea edo Roxy iragarkietako neskekin antzik ez duten emakumeekin. Diotena diotela animaliak baikara, haragiak erakartzen gaitu, «basoetatik datorrenak», ez solariumetik atera berria den lehor koloreko baina-makila ponpoxak.

/