0 comentarios

Galizian barrena

Asteburua gerturatu ahala, Galizira hurbiltzen joan gara. Ponferrada izan zen gure azken aurreko helmuga Leonen eta, zer nolako helmuga gainera. Bierzoko hiriburua mendiz inguratuta dago eta, Cruz de Ferro igotzeko izerdia -erruz- bota behar izan genuen.

Dena dela, mendi hura, hurrengo egunetan izan dugunaren aurrerapen txiki bat besterik ez da izan. Portuak, portuak eta portuak izan ditugu. Horrela, egunik okerrena, gogorrena Vega de Valcarcetik Sarriara joan ginenekoa izan dugu. Bagenekien, bai, lau portu igotzea ez zela erraza izango baina, egia da ere, etapa, beste batzuk baino motzagoa zela. Piedrafita, O Cebreiro, San Roque eta O Poio portuak igo genituen, Galizian sartzea lortu eta, eguerdirako, Sarrian ginen bazkaltzen. Muga fisikoak eta muga psikologikoak aurre egin eta, gutxinaka, Lugo zeharkatzen joan gara.

Bidean, gainera, asturiar eta galiziarrekin lagun taldetxoa sortu dugu. Frustrazioak, desnibelak, barreak eta garagardoak konpartitzeko gune egokia. Baina, ez hori bakarrik. Bidera ere, beste lagun eta senide batzuk ´atera´ zaizkigu. Anita Dinamita, Kore edo Batisekin afariak, kañak eta zenbait txupito hartu ditugu. Plazerra benetan etxetik urrun, etxeko berotasuna lortzea –muuaka!-.

Eta azkenik, iritsi ginen Santiagora. Bidai honetako helmuga baina ez bidai honetako helburu. Zirraragarria, berezia, izerdi askoren ostekoa, muga asko garaitu ostean lortutakoa -eta gutxik lortuko genuela uste bazuten ere, hemen gaude 1700 bat kilometroren ostean-.

Sinbolikoa izan da, bai, baina, orain Pontevedra bidean jarri behar gara, A Lama bidean, bihar bisita eguna delako. Eta ehundaka senideek gaur egingo duten bezala, guri ere, kilometroak falta zaizkigulako maite ditugun horiek ikusi ahal izateko.

 

/