Yasmine Khris Maansri
Yasmine Khris Maansri
Itzultzailea

Biba festa!

Festazalea naiz, ez dut inoiz ezeztu. Udaberriak eskaintzen duen ospakizun jaialdiarekin asko gozatzen dut. Udan, aldiz, deskantsua lehenesten dut, edo turismoa, ahal bada –azken hori bai nekagarria!–. Hola izan da aurten: hainbat hiri ezagutzeko zortea izan dut eta… festa gutxi. Ez naiz nitaz ari, bertako giroaz baizik. Terrazak beteta, tabernak bezeroz lepo, kontsumoaren festa hor zegoen, hori bai; baina musika eta egote hutsaren eskasa nabarmendu izan dira. 

Ez ninduen harritu, egia esan. Festaren “dekadentzia” ilustratu ohi da azkenaldian prentsan hainbat herrialdetan. “Le Monde Diplomatique”-ren iraileko zenbakian, Alexia Blin kazetariak festen  eta horien joera kontsumistari buruzko artikulua sinatu du. Besteak beste, gizarte kapitalismoaren lekukoa hartzeko 1920ko hamarkadan jaiotako kontrakotasun komunistari buruz hitz egiten du. Ospakizun hauetan kontsumoak solidarioa eta militantea izan behar zuen, eta, ahal zen neurrian, ez komertziala. 

Uda honetan guztiz kontrakoa ikusi dut –ez dut ahazten turista hutsa naizela eta nire ikuspuntua ezin dela orokortu, aski murritza baita–. Zerekin kontsolatu naiz? Txosnak ez dira oraindik itxi, uda ez baita bukatu, eta festaren eredu erakargarriago hau izanen dut bueltan.

Buscar