Yasmine Khris Maansri
Yasmine Khris Maansri
Itzultzailea

Martorri

Duela gutxi hitz bat ikasi dut: martorria. Orain arte, «zilantroa» entzuten nuen euskaldunen ahotsetan, eta esaldi berean askotariko beste hitzak kabitu ohi dira ere. Izan ere, belarrak sentsazio gazi-gozoak pizten ditu jaleen mingainetan. «Zapore exotikoa, ezohikoa» diote batzuek; «ez dut batere gustuko, ezin dut jan», besteek. Gorrotoa fisiko bihur daiteke: askok diote martorriak xaboiaren zaporea duela. "The Guardian"-en argitaratutako ikerketa baten arabera, molekula bat xaboiarekin parekatuko genuke eta martorria jangarria ez balitz bezala sailkatuko genuke. Zerbait dastatu edo usaintzean, gure garunak hainbat kategoriatan sailkatzen ditu usainak, lehendik ezagutzen duenaren arabera. Xaboia martorria baino ezagunagoa denez, belarra jangarri ez bezala sailkatuko genuke. Ez zait inoiz gertatu.

Beste datu bat ekarri dit Internetek: Wikipedia.eus-ek dioenez, «zenbait lekutan ‘perrexil arabiarra’ bezala ere ezaguna». Honekin ezin adosago nago. Gure etxean martorria ezinbestekoa zen sukaldean. Egun, erosketa ordaintzen dudanean, auzoko harategi arabiarrean, saltzaileak martorri poltsa txiki bat oparitzen dit beti, harakinak txikitan aitari oparitzen ziola ikusten nuen bezala.

Zaporea alde batera utzita, keinu hau gozoa iruditu izan zait beti, gazitasunetik oso urrun.

Buscar