Pila deskargatuak
Artxiboa begiratu behar izan dut azken zutabea gogoratzeko. Hilabetea igaro da dantza goraipatzen nuenetik. Dinamismoa, mugimendu kolektiboa, ospakizuna… Eta egin dugu: artikulazioak olioztatu, eskeleto osoa astindu, gorputza muineraino tolestu. Nekatuak ginela konturatuko gara etxerako bidean. Etxean nago (nabarmendu behar dut udan atseden hartzeko aukera dudala eta hori EZ da unibertsala), eta paseatzea eta liburuak bilatzea dira nire ahalegin bakarrak -zutabe hau idazteko oroigarriak esnatu nau letargitik-. Liburu-dendetako apalen artean, obra batek arreta eman dit: Tricia Herseyren ‘‘Rest Is Resistance’’ [Atsedena erresistentzia da]. Bere «Siesta Ministeriotik» zerbait entzuna nuen, duela urte batzuk beltz komunitateak astintzen dituzten arazoetarako antidoto gisa martxan jarri zuen ekimena: akidura, gaixotasun kronikoak eta osasun mentaleko krisiak, bere ustez kapitalismo eta supremazismo zuriaren sistemetatik sortzen direnak. Horrela dio: «Ez dut sinesten ideia toxikoan: birkargatzeko eta gaztetzeko atseden hartzen ari gara, kapitalismoari irteera gehiago emateko prest egon gaitezen. [...] Ez dugu deskantsatzen produktiboak izateko. Atseden hartzen dugu, besterik gabe, gure eskubidea delako hori egitea». Bueltan ez galdetu ea pilak kargatu ditudan.
