Zortzigarrena Naiz

Frantzia federala... Euskal euroeskualdera begira?

Norberak norbere gustuko mapak topatzeko aukera ematen du eremu honetan batean eta bestean argitaratzen denak... oraingoan, Frantziako Estatuan nagusi den jakobinismoa apurtzen duen mapa honek deitu du gure arreta. Montesquieu Institutuak argitaratu du, «ideia federalaren eta eskuladeen boterearen indartzea sustatzeko think tank independente» gisa definitzen du bere burua.

Frantziako Estatuan bizi-bizi jarraitzen duen lurralde erreformaren eztabaidaren harira argitaratu dute mapa, abuztuko lehen bertsioan Euskal Herriari eta Kataluniari zegozkien atalak Estatuaren mugan amaitzen ziren, gutxira 2. bertsio bat argitaratu dute, ordea, bi nazioei euroeskualde bat sortzeko aukera gehituz.

Erakunde beraren Facebook orrian berriki puntu honi arreta gehiago jartzen dion beste mapa bat topatu dugu:

‘Lurralde erreforma: ezinezko erreforma?’ izenburupean Michel Abhervék super-eskualdeen eskemaren aurka egiten du eta tartean Euskal Herriaren eta Kataluniaren izaera berezia eta «Pirinioen hegoaldeko euren parekoekin sor ditzaketen sinergiak» kontuan hartzeko beharra azpimarratzen ditu, hortik Euroeskualdeen marraztea.

Lurralde Elkargoak Ipar Euskal Herriaren aitortza dakar, baina Akitania, Limousin eta Poitoi-Charentes batu eta ‘Akitania Berria’ izena hartu duen sei milioi biztanle inguruko super-eskualdean kokatuko da... Urrunago izango ditu, beraz, Bordele eta Paris... Gertuago Bilbo eta Iruñea? Ikusteke...