
Korrika zuzenean Irundik Baionara
Korrika 23. honetan zehar gertatzen denaren berri emango du NAIZek zuzeneko honen bitartez, Irundik martxoaren 14an atera eta Baionara hilaren 24an heldu arte. Albisteak, argazkiak, bideoak, elkarrizketak, erreportajeak... dena hemendik bildurik aurkituko duzu.
Balorazio gozoa egin dute Korrikako antolatzaileek, besta bukatu eta ordu gutxitara, Baionan bertan.

IRUDIA GALERIA OSATUA
Arratsaldeko bestaren irudiak erantsi ditugu, Baionan dagoen giroaren aski adierazgarriak.
NAIZ Gunean giro aparta sortu da. Horkoak bildu ditu Garazi Castañok, jaiak oraindik luze jo dezakeen arren.
IRUDI GALERIA
Azken kilometroak Baionan zehar, bukaerako ekitalditxoa eta geroko beste
Korrikaren azken metroen eztanda bideo honetan jaso du Gorka Rubiok (Foku).

Bestara orain!
Ikustekoa da Korrika 23 honetan lanean egon diren bolondresen poza, dantzan ari dira. Arrakasta handia izan baita, dudarik izpirik gabe, 2.792 kilometro hauetan zehar azaleratu, ikusarazi, gozatu, bizi dena.
Aurretik AEKko ordezkariek dena eskertu dute oholtzetik eta euskaraz aritzera animatu dute jendetza.
Baionako Askatasunaren Plaza mukuru beterik ageri da ekitaldian. Eta orain besta karrika guztietara zabaltzen hasia da.
Azken kilometroaren (metroen) emozioa, Garazi Castañoren bideo honetan islatua. Bazetorren lekukoa, Garazi Arrularen eskutik.

GARAZI ARRULA IDAZLEAK EGIN DU AURTENGO MEZUA!
Eta berari egokitu zaio, beraz, azken metroetan lekukoa eramatea. Txalapartako Tafallako editore eta idazle gaztearen mezua zeraman lekukoa, alegia. Oraintxe zabaldu du eta irakurtzeari ekingo dio. Hunkituta dago... eta nor ez plaza honetan.
Garazi Arrularen mezuak nabarmentzen du Korrika «herri bat gosea» badela, «euskaraz harro bizitzeko gosea». Eta gaur egungo terminoak erabiliz laburbildu du egoera: herri horrek ez duela euskararekiko «kontingentzia planik» nahi; baizik eta «egiazko trantsizioa».
Ez da ahaztu behar, esan du editoreak, «hizkuntzaren auzia politikoa dela; eta urgentziazkoa». Euskararen komunitatea zabaltzeko gura ere aipatu du mezuaren egileak: «Mundu oso bat kabitzen baita euskaran. Garenak eta izango direnak, etorri direnak eta etortzen ari direnak, dagoeneko bagarenak/badirenak».
Euskalgintzako ordezkarien eskutik (erakunde eta talde ezberdinak txanda motzetan) ari da hurbiltzen lekukoa helmugara. Oso-oso gutxi falta zaio Korrika 23. honi.
‘Azterketak euskaraz’ eta ‘Euskara ofiziala’ entzuten da, ohiko aldarrikapenekin batera.

EH Bai eta EH Bilduko kideak elkarrekin Korrikaren buruan, hamar kilometro inguru falta denean.
«Gaur Baionan zazpi herrialdez osatutako herria garela, etorkizuna erabaki nahi dugula eta euskara aldarrikatuko ditugu», adierazi du Arnaldo Otegik guztien izenean.
Gure Eskuk eraman du lekukoa Baionan, Sare eta Etxerati pasa aurretik. Zenbait aldiz ikusarazi ditu haren aldarrikapenak Korrika honetan, baina Lapurdiko hiriburuan bereziki deigarria izango da. Ikurriña handi hau paratu dute, suhiltzaileen laguntzarekin, erabakitzeko eskubidearen alde.
Irudi ikusgarria osatu dute joaldunek Baionan. Hamabost kilometro inguru falta dira Korrika 23. honi bukaera emateko

Baionako Askatasunaren Plaza girotzen ari da. Ordubete inguru falta da Korrika bertara iristeko. Amaierarekin batera ezagutuko dugu zer dakarren lekukoak eta nor den egilea.

LEHENDAKARI BAT LASTERKETAN
Jean-René Etchegaray Baiona alkatea eta Euskal Elkargoko lehendakari umoretsu batu zaio taldeari bere hirian, duela bi urte egin zuen bezalaxe.
AZKEN KILOMETROETAN ZER?
Baionan da berriz Korrika, 10.55ak direla, eta jada ez da hemendik aterako. Herriko Etxeko zenbait zinegotzik hartu dute lekukoa.
Ordu eta erdiko ibilbidea egingo du oraindik Lapurdiko hiriburutik. Azken kilometroetan, lehenik euskal gehiengo sindikalak eramango du lekukoa eta gero euskalgintzako hainbat eragile (UEMA, Hekimen, Ikastolen Elkartea, Seaska, EHIGE, Biga Bai, Azterketak Euskaraz, eta jakina, Kontseilua)
A ze talde handia osatu den Baionako sarreran... eta maldari beldurrik izan gabe. Bukaera oso jendetza aurreratzen duen irudia da hau.

Surf taula eskuan korrika egin dute zenbait lagunek Angelun. Biarritz atzean utzia da jada eta hurrengo geltokia Baiona da, baina ez azkena...
Garazi Castaño berriemaile handik.


















