NAIZ

‘Confusion Woman’ aurrerapen kantua aurkeztu du Blues Morning Singers laukoteak

Mississipi eta Chicagoko blues erroei helduta abiatu zuen Blues Morning Singers laukoteak musikarako bidaia eta, urte berriarekin, diskoa prestatzen dabiltza. ‘Confusion Woman’ da lehen aurrerapen kantua.

Orain hamar urte Bilbon sortua, Blues Morning Singers taldeak Mississipiren eta Chicagoren erroei segika hasi zuen blueserako bidaia. 2021ari begira, disko berria prestatzen dabiltza, «material freskoarekin», Gaztelupeko Hotsak diskoetxetik aurreratu dutenez.

Mario Gomezek (ahotsa eta gitarrak), Carlos Jover Cuencak (harmonika eta ahotsa), Jorge Gomezek (bateria) eta Fabi Akarregik (kontrabaxua) osatzen dute Blues Morning Singers eta abesti berriei forma emateko Jorge Gomez (bateria) Javier Alzola (saxofoia) eta Alberto Trigueros (teklatua) izan dituzte lagun.

Lan berria Gaztelupeko Hotsak diskoetxean argitaratuko, EP formatuan, baina bien bitartean ‘Confusion Woman’ kantuaren bidez hasi dira ezagutzera ematen lan berria. «Soinutegi berri osoan bezala, hainbat baliabiderekin konbinatzen dituzte musikariok bluesaren erroak, generoari estutu bat gehituz. Entzun besterik ez daude, adibidez, baxu boteretsu horiek», argudiatu dute Gaztelupekotik, eta erantsi dute «ingelesezko letraz, musikaren bidez gauzak, istorioak, sentsazioak eta pentsamenduak adierazteko gogotan» datozela.

Talde bilbotarrak hamarkada darama oholtza gainean eta 2014an argitaratu zuten estreinako lana, ‘Blues Morning Singers’ izenpean. ‘Jump and Shout’ (2017) diskoarekin Chicagoko bluesetik, West Coastetik edo Jump Bluesetik jo zuen. Bidean nazioarteko hainbat jazz jaialditan aritu dira, baita etxean ere, Getxo, Hondarribia edo Burlatako jaialdietan, adibidez.