Andoni Urbistondo

Toloño, Euskal Herriko mugaldean

Arabarrentzat izen handiko gailurra da Toloño, Euskal Herriaren muga marrazten duena. Hegora, Errioxa; mendebaldera, berriz, Gaztela. Behin gailurrean, bista aberatsaz gozatzeko aukera paregabea izango du mendizaleak.

Toloño mugaldean kokatzen da.
Toloño mugaldean kokatzen da.

Errioxa eta Araba artean jauzika ibiltzeko txango erraz eta erakargarriagorik ez dago, Euskal Herrian. Ebroren horia, galsoro eta mahastiak hegora; Arabako Mendialdeko baso biluziak iparrera. Hegora eguzkiak eta klima lehorrak soroak ederresten ditu. Iparrean klima hotzagoa da, eta baratzeak ondo kostata ematen du fruitua. Urizaharretik Bastidara ia 1.000 metrora dagoen lepoak banantzen ditu Kantabria eta Toloño mendilerroak. Apalxeagoa Toloño, ekialderago dauden haitz tenteak baino (1.277 metro), baina Kantabria mendikatekoak bezain malkartsu eta harritsuak tarteka.

Toloño mendia dago eta Toloño mendilerroa. Ofizialki Toloño mendilerroa Burgos eta Errioxako mugatik Nafarroaraino hedatzen da, Kantabria mendilerroari ere Toloño esan behar zaiola erabaki baitzuen Euskaltzaindiak. Bertan bizi direnei galdetuz gero, baina, mendiari esaten diote Toloño, eta Herrera gainetik ekialdera dagoen mendilerroari, Kantabria. Bi mendigune horiek banatzen ditu Herrera mendateak, Arabako Errioxa eta Arabako Mendialdea eskualdeak banatzen dituen garaiena, 1.110 metrorekin. Errepidea txarragoa eta estuagoa da Urizaharra edo Rivas de Tereso lepoan, 950 metrora, Urizaharra herri dotoretik dozena erdi kilometrora.

Bide bazterrean autoa uzteko tokia dago, baina tokirik erosoena gaina igarota dago, ezkerraldean, Errioxako lurretan dagoeneko. Mendebaldera, gainean bertan, Toloñoko ermitara daraman xenda hartu behar da, pista zatarra saihestu nahi bada. Aste Santuko lehen eguna da, jende franko dabil mendian gora eta behera, eta zeruan Sahara aldetik etorritako ganduak zerua lausotzen du. Ehiza postu batzuk daude lehen aldapan, eta gain batean Toloño mendilerroko ekialdeko ertz tentea ikusten da, Bonbalatxi Haitza (1.224 m). Hesi metaliko bat zeharkatu behar da. Pista ondoan agertuko zaigu, baina Bonbalatxi haitzeko ipar horman barrena egingo dugu, pista saihesteko.

Aldapa handi samarra gainditu behar da hamar bat minutuz pagadian barrena, eta tartetxo batean Bonbalatxi haitza eta amildegiaren artean ibili behar da. Xenda lehorra dago, eta ez dauka batere arriskurik.

Denbora gutxian Bonbalatxi eta Peña Roja arteko lepora iristen da, 1.100 metrotik gora. Oharkabean, eta tarte txikian, altuera handia irabazten da. Arte sail txiki batzuk zeharkatu ondoren, berehala ikusiko dugu Toloño mendiko erpina, baina ez Toloño gailurra, oraindik. Hegiz hegiko xendari jarraitu beharrean Ortadako zabalgunera ere joan daiteke, Zapiturriko iturriraino Urizaharra mendatean hasten den pistan barrena. Handik bete-betean ikusten da Toloñoko ipar horma. Ipar horma igotzeko eskalada abilidaderik ezean, Toloño haitza inguratu eta Toloñoko ermitara daraman ordokira joan daiteke Ortadatik, eta handik Toloñora.

Hegiz hegiko bidea aukeratuta, hegoaldeko lursail horiak agertuko zaizkigu parez pare. Baita Bastida herria, Arabako Errioxako herri biztanletsuena, Guardia hiriburuaren gainetik. Eta hegorago, Haro hiria, Errioxa Garaia eskualdeko hiriburua. Garbi ikusten da Ebro ibaiak bere bidean gizaldiz gizaldi marraztutako Conchas de Haro arroila estua, eta ondoren ibaiko urak nola zabaltzen diren berriro bihurgune zabalak eginez, Errioxako Briñas eta Arabako Bastida arteko tartean.

Altuera irabazten den heinean Toloñoko gailurreria agertuko zaigu begi aurrean, eta gure bizkarrera begiratuz gero, Kantabriako mendilerro eta erpinak, Joar mendiraino, Nafarroan dagoeneko. Eguratsa garbia denean, Errioxako mendi garaiak ederki ikusten dira Toloñotik; batez ere Demanda mendilerroa eta San Lorentzo gailurra, Errioxako garaiena 2.271 metrorekin. Negua eta udaberria garai aproposa da, zurituta egoten baita. Saharako hareak eta hego haizeak, baina, ezinezko egiten dute argazki hori.

Errioxa eta Araba artean jauzika

Ezker oina Errioxan, eskuina Araban eta Euskal Herrian. Horrela ibiltzen da mendizalea Toloñoko gailurrera bidean. Gailurra eta erpina baitaude. Erpina ia-ia oharkabean iristen da, aldapatxo bat igota. Errioxa eta Araba banatzen dituen muga hemendik pasatzen da, Ebro ibaian gertatzen den bezala, hegoalderago, Briñas eta Bastida artean. 1.264 metro ditu erpinak, eta Toloño gailurra gertu dago, 250 metro eskasera. Bertan jende multzo handiak ikusten direlako jabetzen da mendizalea. Toloñoko gailurreko azken metroak politak dira, besoak erabili behar baitira tarteka. Gailurra luzea baina estua da, eta zaila da 10-15 pertsona baino gehiago bertan biltzea. Toloño, 20 metrogatik bada ere, guztiz Arabako mugen barruan dago.

Gailurretik bista oso aberatsa da. Iparrera Ortadako ordokia eta Zapiturriko iturria eta borda gunea ikusten dira, 1.000 metrotik gora dagoen belaze aberatsa da. Oin azpian 70-100 metroko haitz bertikala daukagu; beraz, erne ibili. Urrunago ikusten da Urizaharra, eta Trebiñu eta Gasteiz hegotik inguratzen duten mendiak. Mendebaldera Burgosko Obarenes mendiak daude, baina gertuago Peñalasdoce eta Peña El castillo. Jakina, Peñalasdoceren izena eguzkiak bertan jotzean sortzen duen itzalaren ondorioz erabaki zuen norbaitek. Bi gailur horiek 1.200 metrotik gora dituzte, eta euren magalean kokatzen da Toloñoko Andre Mariaren ermita, 1.200 metrora. Eraitsi egin zuten lehen Gerra Karlistan, baina Erdi Aroan babes eta otoitz leku garrantzitsua izan zen, erromesei babes ematen ziena.

Toloñoko magaletik 15-20 minutu eskas daude bertara. Ondoren, eta bueltatzeko bide berbera ez errepikatze aldera, Ortadako ordokira daraman xenda bat hartu behar da, Zapiturritik berriro Urizaharreko mendatera bueltatzeko, oso bide erosoan. Hiru ordu eskaseko buelta da, guztira, eta ez oso nekagarria, denera 300-400 metroko desnibel metatua gainditzen baita.