NAIZ

Ikerbasqueko ikertzaileek 37 milioitik gorako funtsak erakarri zituzten 2021ean

Ikerbasquek marka guztiak hautsi ditu ikertzaile kopuru, proiektuen lidergo, argitaratutako artikulu zein funtsen erakarpenean. Mundu osoko zientzialariak biltzen dituen polo gisa indartu dela eta ikerketaren aldeko apustua errentagarria dela frogatzen du horrek, fundazioak nabarmendu duenez.

Ikerbasqueko ikerlari bat lanean, Donostiako laborategi batean.
Ikerbasqueko ikerlari bat lanean, Donostiako laborategi batean. (Jon URBE | FOKU)

2021aren amaieran Ikerbasquek ibilbide luzeko eta lidergo gaitasun handiko 170 ikertzaile zituen; goi mailako ikertzaile gazteen harrobia bultzatzen lagunduko duten 80 ikertzaile gazte, eta aurreko bi kategoriak osatuz ikertzaile karreraren etapa guztiak estaltzea xede duen ‘Research associate’ kategoriari atxikitako beste 62 ikertzaile. Horien guztien lanak oihartzun handia lortu zuen nazioarteko aldizkari zientifiko entzutetsuetan. 1.484 artikulu plazaratu zituzten guztira. Hala adierazi du fundazioak iazko emaitzen aurkezpenean.

Nabarmendu duenez, Ikerbasqueko ikertzaileek 37.371.894 euroko funtsak lortu zituzten, 2020an baino bi milioi euro gehiago. Kanpoko diru-laguntzekin landutako 940 proiektuetatik 15 Europako Ikerketa Kontseiluak (European Research Council, ERC) finantzatu zituen.

2021 bukaeran 1.323 pertsonak egiten zuten lan Ikerbasqueko ikertzaileek zuzendutako taldeetan. Mundu osoko zientzialariak erakarri ditu Euskal Herriko unibertsitate eta I+G zentroetan aritzeko. 35 herrialdetakoak dira, gehienak espainiarrak (186), italiarrak (30), alemaniarrak (14), britainiarrak (9), estatubatuarrak (9), errusiarrak (8) eta kanadarrak (6). %75 gizonak dira.

Jakintza arloei erreparatuta, erdiak zientzia esperimentaletako adituak dira, %22 medikuntza zientzietakoak, %15 ingeniaritzakoak eta %12 giza eta gizarte zientzietakoak. Mnduko zentrorik ospetsuenetatik etorri dira, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS eta Max Planck Elkartea tartean.

Emaitza hauek ikusita, «Euskadi zientziaren arloko Europako erreferente gisa sendotu» dela azaldu du fundazioak. «Horren adibide dugu Europako Batzordeak Ikerbasqueren ikertzaileak erakartzeko programa hautatu duela garapen zientifikoa bultzatzeko Europako ekimenik onenetakoen artean. Ondorioz, lau milioi euro jaso ditu ondoko lau urteetan 36 ikertzaile berri kontratatzeko».

Nabarmentzeko lan batzuk

Ikerbasqueko ikertzaileek egindako lanen artean Aitziber Lopez Cortajarenarena azpimarra daiteke. Estrategia xume, moldaerraz eta modularra garatu zuen aplikazio bioteknologiko eta biomedikoei zuzendutako nanomaterial hibridoen proteina multifuntzional pertsonalizatuak diseinatzeko.

Iñigo Olalderena ere aipagarria da. DNA zaharraren analisi genetikoa zuzendu zuen Britainia Handian hobekien kontserbatuta dauden hilobi neolitikoetako batean. Azterketa horrek argi utzi zuen lurperatutako pertsona gehienak familia zabal bakar bateko bost belaunalditakoak zirela.