Nuria Lopez Torres

Istanbul, hamaika mundu hiri batean

Bi kontinente, hainbat herri eta hamaika mundu bizi dira elkarrekin Istanbulen. Eyüp tradizional eta kontserbadorea, Nisantasi kosmopolita eta bohemioa, Tarlabasi zaratatsu eta herrikoia edo denboran zintzilik geratu den Çarsamb auzoak biltzen ditu, gertu bezain urrun, Konstantinoren hiriak.

Istanbulgo meskita, kanpotik.
Istanbulgo meskita, kanpotik. (Nuria LÓPEZ TORRES)

Istanbul «zazpi muinoen hiria» bezala ezagutzen da. Konstantinopla mitikoa Erroma eredutzat hartuta sortu zen, eta Konstantinok formulatu zuen hura, inperioko lehen hiriburuan erabilitako sinboloak eta errituak inportatuta. Zazpi muinoek alde zaharrean dauden muinoei egiten diete erreferentzia. Hala ere, gaur egungo Istanbul dozenaka muinoren gainean dago, eta auzoek gorą egiten dute ezin konta ahala muino eta haranetan, ikuspegiak hartzen duen lekuraino.

Bosforo itsasartean, ferry baten gainean, bi gazte, atzean Dolmabahçe meskita dutelarik.

Eyüpen espiritualtasuna

Zarata harmoniko batek hartzen du Eyüp plaza. Gune honetan saltzaileek, harat-honat dabiltzan ibiltariek, ezkontzaren bateko gonbidatuek, otoitzek eta iturri bateko ur-jarioak udaberriko sinfonia ederra osatzen dute, auzo kontserbadore hau bizitzaz blaitzen duena erabat. Eguzkiak aurpegirik onena erakutsi die, egun horretan, lagun taldean elkarrekin dabiltzan hainbat neskari: soineko tradizionalak jantzita dabiltza, metroka gas eta satinek laztanduta. Eyüpeko meskitaren aurreko enparantza honetara hurbildu dira, lehenengo argazkiak egitera eta Islameko tenplu musulman sakratuenetako baten bedeinkazioa jasotzera: laugarren erromesaldia-lekua, Meka, Medina eta Jerusalemen ondoren, bertan dagoelako lurperatuta Mahomaren laguntzaile eta adiskide izan zen Abbu Ayyub al-Ansari. Meskita txiki samarra da, baina beste tenplu handiek ez duten edertasuna eta xarma ditu honek.

Otoitz ostirala Eyüpeko meskitan.

Meskitako patioan, ama batek argazkiak atera dizkio seme txikiari: «sultan txiki» bat dirudi, gizon musulmanen zirkunzisioaren zeremonian erabiltzen den jantzi tradizionalarekin. Ostiralez egiten da ospakizun hori, eta ohikoa da hainbat adinetako haurrak janzkera horrekin ikustea, atzean fededunen errezoak entzuten diren bitartean.

Eyüp auzoa oso leku interesgarria da Istanbul tradizional eta kontserbadore horri pultsua hartzeko; leku lasaia da, kolorezko egurrezko eraikinak dituzten kale pintoreskoekin. Meskitaren ondoko muinoaren tontorrean Pierre Loti kafetegi ospetsua dago: horretxegatik ageri ohi da auzoa turismo gidetan, kafetegiak ikuspegi ezin hobea duelako Urrezko Adarraren gainean. Kafetegira iristeko otomandar hilerri izugarri handi bat zeharkatu behar da: mendixka osoa nekropoli handi bihurtuta. Teleferiko batean ere igo daiteke, presaka ibiliz gero, baina merezi du eremu santu ikusgarri hori zeharkatzea.

Dervixe dantza tradizionala.

Istanbulgo Zelai Eliseoak

180 graduko saltoa eginda, Nisantasi auzora iritsi da bidaiaria: «Zelai Eliseoak» izenarekin da ezaguna eta hiriaren europar aldean dago, Beyoglu auzotik iparraldera.

Glamour handiko auzoa da, hiriko dendarik luxuzkoenak hartzen dituena: Chanel, Hermes, Cartier edo Luis Vuitton, besteak beste. Non ia ezinezkoa den emakume bat beloa jantzita ikustea eta gama altuko lurrinek espaloiak betetzen dituzten.

Lluxuzko jatetxe bateko terraza Nisantasin.

Saudi Arabiako neska gazteak Beyoglu auzo kosmopolitan erosketak egiten.

Erraza da Orhan Pamuk Literaturako Nobel saridunaren eleberrietako pertsonaietako batzuk kafetegi bateko terrazan whiski bat edo, agian, kafe turkiar bat hartzen eserita imajinatzea. Orhanek Nisantasi erabili izan du bere obra handietako batzuk girotzeko. Auzo kosmopolita da eta, neurri batean, kutsu bohemioa du; bertan artista eta intelektual asko bizi dira, baita atzerritar asko ere. Kafetegiek, gama altuko jatetxeek, pubek eta diskotekek Turkiako eta nazioarteko celebrity-ak hartzen dituzte beren establezimendu chic horietan. Auzoak arkitektura modernoko bulego-eraikin handiak eta art nouveau estiloko eraikin-guneak konbinatzen ditu. Auzoko azken birmoldaketa Bartzelonako rambletan oinarritu da.

Denboran zintzilik dagoen leku bat

Nisantasiren antipodetan, eta garai eta denbora zehaztugabe batera bidaia eginez, Çarsamba auzo txikia dago, turismo gidek aipatu ere egiten ez dutena eta turistarik hartzen ez duena (turistarik iritsi bada, seinale despistatuta zebilela). Muino baten gainean gotortuta, Fener edo Balat auzoetatik (turismo zirkuitutik kanpo dauden beste bi auzo) gora eginez iristen da bertara.

Beltz koloreko orbanen joan-etorri bat ikusten da urrun, muinoa koroatzen duen eta Urrezko Adarraren zati baten gaineko ikuspegi ikaragarriak dituen Yavuz Sultan Selim meskitako lorategietan. Auzo honetako emakumeek txador beltza janzten dute, goitik behera erabat estaltzen dituena, eta gizonek, janzkera erabat islamiarra, alkandora zuriz, txanoz eta galtza bonbatxo ilunez osatua. Zuria eta beltza dira nagusi jende apal eta oso erreserbatuaren auzo xume honetan. Ez daude ohituta beren komunitatekoak ez diren pertsonen bisitarekin, eta, beraz, argazki-kamerak ez dituzte oso begi onez ikusten, baina merezi du Istanbul erraldoian hain berezia eta paregabea den leku hau deskubritzea.

Çarsamba auzoko mutiko gazte bat

Ama batzuk piknik bat prestatzen ari dira eskola ondoko parkean. Udaberriko egun eguzkitsua jana, barreak eta lagunak lore eta jolas artean partekatzeko gonbita da. Parkearen beste aldean haur batzuk futbolean jokatzen ari dira kirol kantxa batean. Gazteen barreek eta oihuek ametako baten ohartarazpena eragin du: gogo handirik gabe egindako interpelazioa da, ordea. Berehala murgildu da-eta berriz piknikeko kideekin zuen elkarrizketa sutsuan, zeinak barre txiki lotsatiak eragiten baitzizkien.

Kurdistanera bidaia

Gizonezko ahots garratz bat mota eta prezio guztietako alfonbren salmenta iragartzen ari da. Bitartean, furgonetaren atzealdetik, norbait alfonbra horiek jaurtitzen ari zaizkie saltzailearen inguruan zurrunbiloka dabiltzan emakume kurdu batzuei. Negoziazio aldi luze baten ondoren, emakume batek tonu griseko alfonbra handi bat aukeratu du, eta horri eutsi dio, inork kendu nahi izango balio bezala.

Tarlabasi auzo zaratatsu eta herrikoia Beyoglu auzo kosmopolitatik metro gutxira dago, gehienbat kurdu eta ijitoek osatua. Zango bizkorrenei ere desafioa jotzen dieten kale aldapatsuetan kokatuta, bertako bizilagunek kalean egiten dute eguneroko bizimodua. Neskato txiki bat urtebetetze-festa ospatzeko prestatzen ari da kalean, gainerako bizilagunekin batera, eta bere amona zigarroa erretzen ari da, alfonbra batean eserita. Ospakizunak kalera ateratzen dituzte eta herritar guztiek parte hartzen dute.

Haurtxo baten jaiotza izaten da, ijitoentzat, ospatzeko arrazoi nagusietakoa eta horregatik ari da familia bat kide berriaren etorrera goren-gorenean ospatzen. Amonetako bat abesti alai bat kantatzen ari da, oparotasuna irudikatzen duen urrezko gurdi baten ondoan. Festaren bazter batean, haurraren ama, oso emakume gaztea, telefono mugikorrez ari da bete-betean, amaginarrebak mikrofonoari eusten dion bitartean, festarekin zerikusirik izango ez balu bezala.

Emakume bat eskuan duen hennazko tatuajea erakusten.

Kale batzuk beherago, oilasko biziz betetako kamioi bat gelditu da. Emakume kurdu batek bat erosi du eta espaloian bertan lepoa moztu dio. Bizitzak betetzen ditu auzo honetako kaleak: auzoak ospe txarra du, baina jende xumea bizi da bertan, besterik ez. Tarlabasin barneratzea Anatolia sakonean bidaia egitea bezalakoa da. Bere hamarnaka muinoen artean hamaika mundu dituen hiria.

Inork ez luke esango hori guztia Beyoglu auzo kosmopolita eta turistikotik ehunka metro eskasera gerta daitekeenik. Bi mundu horiek sei erreiko etorbide batek baino ez ditu bereizten. Tarlabasi hiribidea eta beste hiru kale zeharkatu ondoren, Istiklal etorbide ospetsura iritsi gara. Jatetxe, taberna eta dendaz beteta dago, eta turistak eta biztanleak Istanbulen, milaka urteko hiri honetan, bizi diren mundu ugarietako batez gozatzen ari dira.