Asier Robles

‘Fantasia’ aurkeztu du Eñaut Elorrietak, maitasunez betetako disko berria

Eñaut Elorrieta lan berriarekin dator udazken honetan. ‘Fantasia’ du izenburu eta hamar kantuz osatuta dago. Musikari gernikarrak azaldu duenez, «lan kolektiboa» izan da, eta beste hainbat artista hartu dute parte, batez ere Aitor Etxebarriak. Maitasunaren forma ezberdinetan esploratzen du diskoak.

Eñaut Elorrietak ‘Fantasia’ diskoa aurkeztu du Bilboko Arriaga antzokian.
Eñaut Elorrietak ‘Fantasia’ diskoa aurkeztu du Bilboko Arriaga antzokian. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Eñaut Elorrietak ‘Fantasia’ bere azken disko berria aurkeztu du ostiral eguerdi honetan Bilboko Arriaga antzokian. Gitarrak, ahotsak eta hitzek hartu dute protagonismo nagusia lan berri honetan, azken urteotako bere musika ibilbidean beste aurrerapauso bat emanez.

Diskoaren sorreran Aitor Etxebarria izan du ekoizle eta bidelagun Eñautek. «Berak hartu zuen Eñaut, biluztu zuen bakarrik bere ahotsa eta gitarrarekin utziz eta, hortik aurrera, sintetizadoreak, pianoak, soka instrumentuak etab. erabiliz, Eñaut berri bat itzuli digu, traje berri batekin», azaldu du Elkar argitaletxeko Andres Kamio ‘Jitu’-k. Izan ere, bi urteko lana biltzen da disko honetan, eta Etxebarriaren estudioan egunak eta egunak eman ditu Elorrietak «esperimentazioan, giroak bilatzen, gauza ezberdinak probatzen...».

Kanta guztiak Eñaut Elorrietak konposatu dituen arren, beste hainbat artisten kolaborazioak izan ditu lanak. Berak idatzitako hitzez gain, Uxue Alberdi, Iñigo Astiz, Jose Luis Otamendi, Itziar Ugarte edo Amaia Lasa idazleen letrak musikatu ditu gernikarrak. Estudioko lanean, besteak beste, ondoko musikari hauek jardun dute: Felix Buff (perkusioak), Fernando Neira (baxua), Xabier Zeberio (sokak), Amorante (tronpeta), Ruben Caballero (gitarra), Maite Larburu (biolina) eta Txus Aranburu (teklak).

Eider Corral izan da arte eta irudi zuzendaria eta Uxue Alberdi arduratu da edizio literarioaz. Donostiako Elkar estudioan eta Bilboko Mala Estrata estudioetan grabatu eta nahastu dute lana, eta Jonan Ordorikak masterizatu du.

«Disko hau egiteko Eñautek ondoan bidelagunak baino, benetako konplizeak izan ditu», adierazi du ‘Jituk’-k. «Nik diskoa sinatu arren, horren atzean lan kolektibo bat dago eta jende asko egon da lanean. Guzti horien arima dago disko honetan», onartu du Elorrietak.

«Sorkuntzarako sortu dugun espazioa»

Diskoaren arimaz mintzatu da Elorrieta aurkezpenean: «‘Fantasia’ sorkuntzarako sortu dugun espazio bat da niretzako. Konfiantzazkoa gunea, ahalik eta lotura gutxienekin sortzeko gunea, elkar zaindu dugun gunea, esperimentatzekoa... Aitor Etxebarriak nire aurrean jarri duen eszenatoki bat. Helburua barrurantzako eztanda bat gertatzeko ahalik eta baldintza egokienak sortzea zen. Eta ‘Fantasia’k hori irudikatzen du, guk gure buruari eman diogun koartada bat ahalik eta askeen izateko», azaldu du musikariak.

Sorkuntza prozesu hori Getarian hasi zuen Elorrietak, bakarka, Etxebarrietaren estudiora joan aurretik. Izan ere, ahots eta gitarran oinarritzen da lana eta hasierako «enbrioi» hori bukaerako emaitzan «ahalik eta gehien mantentzea» izan da bere helburua. «Azken urteetan, nire obsesioa kantuaren esentzia bera izan da. Eta disko honetan, uste dut, pauso bat haratago joan garela bide horretan Aitorren laguntzari esker», nabarmendu du.

Azken diskoetan bezala, letrei «ikaragarrizko garrantzia» eman die Elorrietak. «Elementu gutxirekin asko esatea izan da helburua. Oso letra eleganteak eta finak dira, baina aldi berean sakonak, sakonkerian erori gabe», azaldu du.

Maitasunaren forma ezberdinak

Gernikarrak azpimarratu duenez, «maitasunez betetako» diskoa da: «Maitasunaren forma ezberdinetan esploratzen du diskoa. Baina idealismorik gabeko letrak dira, gauzak bere horretan onartzen dituztenak, biluztasunetik eta konplexurik gabe hitz egiten dutenak».

Diskoan zehar iruditegi zabala dago, baina asko errepikatzen diren hitzak maitasuna, itsasoa, kostaldea, euria, egunsentia, goiza... dira. «Disko hau biharamuneko disko bat da, ez da bezperetako diskoa. Energia bare bat dauka. Apurtu osteko olatu baten edertasun bare hori du diskoa», gaineratu du Elorrietak.

Soinuari dagokionez ideia bera bilatu dute Elorrietak eta Etxebarriak. Oso soinu «naturala eta diafanoa» du diskoak, «artifiziotik urruti». «Elementu gutxirekin asko esaten denean ñabardurek hartzen dute ikaragarriko garrantzia, eta uste dut ñabarduraz betetako diskoa dela hau», borobildu du abeslariak.

Izan ere, grabaketa ere ezohikoa izan da. Normalean baseak grabatzen dira (bateriak, baxuak...), baina kasu honetan, ahotsak eta gitarrak grabatzen hasi ziren, eta hori izaten zen beste guztiarentzako oinarri. «Honek demostratzen du zer puntura arte heldu den kantuaren esentzia hori mantentzeko obsesioa», azaldu du Elorrietak.

Diskoarekin batera, ‘Esna’ kantaren sorkuntza prozesuan oinarritutakoa bideoklipa aurkeztu dute gaurkoan. Bertan, Aitor Etxebarria, Eñaut Elorrieta eta Iñigo Astizen arteko audioak agertzen dira.

2023an sorkuntzaren inguruko dokumental luzeagoa estreinatuko dute.

Aurkezpen kontzertuak

Diskoaren aurkezpenerako kontzertuak ere iragarri dituzte. Lehenengoa azaroaren 25an izango da Zumarragako Zelai Arizti aretoan, eta ondoren Euskal Herriko hainbat txokotara joango da Elorrieta: urtarrilaren 2an Andoaineko Bastero Kulturgunera; urtarrilaren 21ean Bastidako Inesa Gaxen aretora; otsailaren 11an Mundakara: otsailaren 17an Donostiako Victoria Eugenia Antzokira; martxoaren 3an Urruñara eta apirilaren 27an Bilboko Arriaga Antzokira. Horretaz gain, Iruñean, Hondarribian, Lazkaon, Lasarten, Tolosan... egongo da.