Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Asgarth-ek lan berriaren azala, abesti zerrenda eta kaleratze data iragarri ditu: abenduaren 2a

Asgarth heavy metal talde gipuzkoarrak abenduaren 2an plazaratuko du ‘Zeldatik’ izena daraman eta 11 abestiz jositako disko berria, azken 17 urteetan egindako estudioko lehen lana musika mundura berriro itzuli zirenetik.

‘Zeldatik’, Asgarth taldearen disko berriaren azala.
‘Zeldatik’, Asgarth taldearen disko berriaren azala. (ASGARTH TALDEA)

Hilabete batzuk dira Asgarth taldeak itzulera iragarri zuela. Pandemiak dena geldiarazi zuen, baita gipuzkoar hauei ere, baina hamabost urte oholtzatik kanpo geratu ostean, bueltan zen Añorgako taldea, eta gainera disko berria grabatu behar zuela ere jakinarazi zuen. Tartean, zenbait kontzertu eskaini dituzte Asier Enbil abeslariak, Ander Cañas eta Unai Zabala gitarristek, Mikel Yarza baxuak eta Etxahun Urkizu bateriak.

Asgarth taldeko boskotea, eraberrituta. (ASGARTH TALDEA)

‘Zeldatik’ izena eramango zuen disko berriaren aurrerapen singlea ere kaleratu zuten iazko azaroan. Bada ostiral honetan bertan lan berri honen azala, abestien zerrenda eta kaleratze data iragarri ditu taldeak: abenduaren 2a.

17 urteetan egindako estudioko lehen lana da musika mundura berriro itzuli zirenetik eta bosgarrena euren diskografian. Taldeak adierazi duenez, «taldea bere erraietara itzuli da, estilo klasikora, boskotea eraberrituta eta soinua indartuta. Kantak konfinamendu garaian, etxeko zeldatik egindakoak dira eta hitzak maitasunari eta gizarte gaiei loturikoak».

Gaur jakinarazi duten gauzen artean, nobedadeetako bat azala bera da, Iker Bengoetxea (The Ogrocadaver) artista añorgatarrak osatutakoa. «Jakina da hegazti oro dela askatasunaren ikur. Gautxoria, bereziki, sinismen ugariren sinbolo da. Mitologia klasikoan, batetik, jakituriaren seinale. Gurean, aldiz, heriotzaren iragarle. Bata zein bestea ote den jakiteko, norberak dauka giltza», azpimarratu dute.

‘Zeldatik’ Usurbilgo Haritz Harreguy estudioetan grabatu dute eta diskoa honako 11 abestik osatuko dute:

01. Argi Izpiak
02. Zeldatik
03. Izurri Berria
04. Kale Gorrian
05. Gainditu Dut
06. Ispilu Zelataria
07. Abodulayren Agurra
08. Abdoulay
09. Nahi Nukeen Herria
10. Ezin Bizi
11. Parasitoa